Japoniak lur arraroak aurkitu ditu itsaspean
2011/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tokioko Unibertsitateko ikertzaileek jakinarazi dutenez, Ozeano Barearen hondoan, itsas jalkinetan, 80-100 mila tona lur edo metal arraro daude. Nature Geoscience aldizkari espezializatuan eman dute horren berri. Nonbait, 78 lekutan topatu dituzte metal arraro horiek, nazioarteko uretan, Hawaiiren ekialdera eta mendebaldera, eta Tahitiren ekialdera. Kalkulatu dutenaren arabera, kilometro karratu bakarrean urtean kontsumitzen den metal arraroen bosten bat dago.
Albistea oso ona da Japoniarentzat, metal arraroen ekoizpena eta merkatua Txinaren eskuetan baitago gaur egun. Beraz, itsaspeko meategiak ustiatzeko modua aurkituz gero, Txinaren monopoliotik ihes egiteko aukera izango luke Japoniak. Eta horrek sekulako garrantzia du Japoniarentzat, metal arraroak gako baitira hainbat produktu teknologiko ekoizteko: auto hibridoak, plasmazko telebista-pantailak, katalizatzaileak, LCD-panelak, erresonantzia magnetikoko aparatuak, aerosorgailuen turbinak...
Orain, jalkinetatik metal arraroak nola erauzi aztertzen ari dira. Asmoak, baina, kezka eragin du ingurumenaz arduratzen direnen artean, jarduera hori itsas ekosistemarako oso kaltegarria izan daitekeela uste baitute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia