Lehenengo artikuluan, janari ultraprozesatuak osasun publikoko arazo bilakatzen ari direla salatu dute. Ondorio horretara iristeko, mundu-mailako datuak aztertu dituzte. Egileen artean, Nafarroako Unibertsitateko, IdiSNA ikerketa-institutuko eta CIBEROBN taldeko ikertzaileak daude, eta, haien esanean, elikagai ultraprozesatuak janari freskoa eta gutxi prozesatua ordezkatzen ari da. Horren ondorioz, dietaren kalitatea jaisten ari da, eta, aldi berean, areagotzen ari da hainbat gaixotasun kroniko izateko arriskua.
«ekoizleek ez dute bilatzen osasungarriak izatea, baizik eta irabazi ekonomikoak lortzea»
Espainian, adibidez, azken hiru hamarkadetan, hirukoiztu egin da janari ultraprozesatuen kontsumoa. Adituek ohartarazi dute osagai merkeekin egiten direla, eta gehigarri ugari daramatzatela. Izan ere, ekoizleek ez dute bilatzen osasungarriak izatea, baizik eta irabazi ekonomikoak lortzea. Beraz, haien balio nutrizionala dieta tradizionalarena baino okerragoa da.
Janari ultraprozesatuaren eta osagai jakin batzuen eragina oraindik ikertzen ari diren arren, oro har, emaitzek iradokitzen dute haien kontsumoa zenbait gaitz kronikorekin erlazionatuta dagoela, hala nola obesitatea, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, depresioa eta heriotza goiztiarrarekin lotutako bestelako arrazoiak.
Politikak eta merkatua
Politikei buruzko artikuluan, hainbat proposamen aurkeztu dituzte, elikagai ultraprozesatuen ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa arautzeko eta mugatzeko. Halaber, ekoizle handien ardura nabarmentzen dute.
Besteak beste, neurri hauek proposatu dituzte: berariazko etiketatua; publizitatea zorrotz arautzea, bereziki, ingurune digitaletan eta haurrei zuzendutakoa; eskolako jangeletan eta ospitaleetan ez eskaintzea; supermerkatuetan mugatzea; eta zerga bereziak ezartzea.
Azken lanean, elikadura-industrian jarri dute fokua. Salatu dute irabazi ekonomikoak lehenesten dituztela, osagai merkeak, eskala handiko ekoizpena eta marketin oldarkorra baliatuz. Are gehiago: janari ultraprozesatuaren industria tabakoarenarekin parekatu dute, eta tabakoaren kontsumoa murrizteko hartu diren neurrien antzekoak ezartzea eskatu dute.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







