}

James Webb teleskopioak CO2-a detektatu du eguzki-sistematik kanpo

2025/03/20 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

james-webb-teleskopioak-co2-a-detektatu-du-eguzki
HR 8799 sistema. Izarraren ikurrak adierazten du non dagoen sistemako izarra, koronografoak blokeatu duena. Arg. NASA, ESA, CSA, STScI, W. Balmer (JHU), L. Pueyo (STScI), M. Perrin (STScI)

James Webb espazio-teleskopioak eguzki-sistematik kanpoko planeta bateko karbono dioxidoa detektatu du, lehenengoz. Aurkikuntza HR 8799 sisteman egin dute, Lurretik 130 argi-urtera dagoen lau planeta erraldoiz osatutako sistema batean. Eta ondorioztatu dute planeta horiek Jupiterren eta Saturnoren antzera sortu zirela, nukleo solidoen metaketa geldoaren bidez. Gainera,  frogatu dute James Webb teleskopioa gai dela exoplaneten atmosferen kimika zuzenean aztertzeko.

Exoplaneta gutxi behatzen dira zuzenean, hain urrun dauden planeten argia euren izarrena baino milaka aldiz ahulagoa baita. Kasu honetan, James Webb teleskopioaren koronografoei esker lortu dute behaketak egitea. Koronografoek izar distiratsuen argia blokeatzen dute, eguzki-eklipse batean gertatzen den bezala, eta bestela ezkutuan egongo liratekeen munduak agerrarazten dira horrela. Horri esker, HR 8799 sistemako planeten argi infragorria aztertu ahal izan dute, gas espezifikoak eta beste xehetasun atmosferiko batzuk adierazten dituzten uhin-luzeratan.

Karbono dioxidoaren ezaugarriak aztertuta, ondorioztatu dute elementu astunagoak ere ugariak direla planeta horien atmosferatan: adibidez, karbonoa, oxigenoa eta burdina. Eta hortik ondorioztatu dute nukleoaren akrezioz sortu zirela planeta horiek. 

The Astrophysical Journal aldizkarian argitaratu dute lana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia