James Clerk Maxwell
1997/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fisikari eskoziar ospetsu hau Edinburgh-en jaio zen 1831n, familia ezagun eta aberats baten barruan. Gaztetatik matematikarako etorria zuela erakutsi ahal izan zuen. Eskolan matematika zuen lagun fin bakarra eta ordu asko ematen zituen bakarrizketan ordurarte ezagutzen ez ziren legeak aurkitu nahian. Bere ikaskideek zaletasun horrek burua nahastu egingo ziola esaten zioten eta ondorioz, “eroa” goitizena ezarri zioten.
Hamabost urte zituela, kurba eliptikoen diseinuari buruzko lantxo bat idatzi eta Edinburgh-eko “Royal Society”-n aurkeztu zuen. Ikerlana bikaina zela onartu zuten elkarteko kideek, baina plagioa egin izana egotzi zioten handiustetan zebilen mutikoari.
1854. urtean Cambridgeko Unibertsitatean doktoratu zen. Bi urte geroago Aberdeen-go eskolan irakasle-postua eskaini zioten eta 1860.ean Londresko Erret Eskolan hasi zen lanean.
Ikaslea zen artean Saturnoko eraztunei buruzko ikerketei ekin zienean. Maxwellek uste zuenez, eraztun horien egiturak ezin zuen zurruna izan, grabitazio-indarrak erabat txikituko lituzkeelako. Maxwellek postulatu zuenez, dinamikoki egonkorra den eta urrun egotearen ondorioz egitura solidoa dirudien partikula-sorta bat da Saturnoko erazten bakoitza.
1860. urteaz geroztik molekula gaseosoen mugimendu-indarrez arduratu zen. Maxwellek eta Boltzmannek elkarlanean burutu zituzten gasen teoria zinetikoari buruzko lehen ikerketak eta geroztik erabat finkatu zen Rumford-ek iragarritako teoria, hau da, beroa mugimendu-mota bat dela zioen hipotesia.
1871n Cambridgera itzuli zen Maxwell, oraingoan fisika esperimentaleko irakasle gisa. Lanpostu horretan aritu zen bitartean, laborategi bikaina sortu zuen eta Cavendish izena jarri zion, zientzilari ingelesaren omenez.
Maxwellek 1864 eta 1873. urte bitartean burutu zuen bere lanik garrantzitsuena. Faraday-k aurreratu zuen indar magnetikoen lerroei buruzko teoria landu zuen Maxwellek eta formulazio matematikoa eman zien. Eremu elektromagnetikoaren lege orokorrak eman zituen 1863an, 8 urte lehenago aurreratuta zuen teoria osatuz. Elektrizitatea eta magnetismoaren teoriak bateratu zituen lehen ikertzailea dugu, beraz.
Argia ere eremu elektromagnetiko batekin identifikatu egin zuen. Bere teoria ez zen berehala onartu; zehatzago, argiaren abiadura eta uhin elektromagnetikoen abiadura berbera dela esperimentalki frogatu zen arte, ez zuen inork aintzakotzat hartu Maxwellek iragarritako teoria. Ordurako beranduegi zen berarentzat.
James Clerk Maxwell, elektromagnetismoaren eta teoria zinetikoaren aitatzat hartzen den fisikari bikaina minbiziak jota zendu zen 48 urte zituela. Heriok izan ere, ez zuen hutsik egin 1879an Cambridgera bila joan zitzaionean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia