Jaizkibelgo gizonak 8.000 urte
2003/11/05 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Aranzadi Zientzi Elkarteko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak diren Mari Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga arkeologoek egin dute aurkikuntza. Aztarnategiaren balio handienetako bat da milaka urtean bertan pilatu diren materialak inork ukitu, mugitu eta tokiz aldatu gabe daudela. Horrek informazio oso aberatsa eskaintzen die arkeologoei. Zundaketa egiterakoan, estratigrafia garbi antzeman dute ikertzaileek. Maskortegi batean hilobiratu zuten gizonaren hezurdura da aurkitu dena, eta, karbono-14aren bidezko datazioa egiteko, hilobian agertutako aztarnen arteko hiru pusketa erabili dira: ikatza, maskorra eta hezurra. Herbeheretan, Groningen-en, egin dira karbono-14aren probak eta hiru materialek eman dute 8.300 urte inguruko antzinatasuna.
Hilobiko lurrak milaka urtean inork mugitu ez dituenez, hezurdura gorpua hilobiratua izan zen jarreran agertu da. Jarrera behartua da, belaunak bularraren ondora bilduta baitzituen. Maskortegi barruan modu horretan hilobiratzea ehorzketa-errito baten seinale dela argitu zuten ikertzaileek. Ondorioz, Epipaleolitoko hilobiratze hori Euskal Herrian ezagutzen den ehorzketa zaharrena litzateke.
Jaizkibel inguruko aztarnategi hori Juan San Martinek aurkitu zuen orain 20 urte, eta orain Hondarribiko Udalaren babesarekin ari dira miaketa-lanak egiten. Orain, beste lau lagin bidali dituzte ikertzaileek Groningen-eko laborategira. Hilobiaren azpiko eta gaineko geruzetako laginak dira, eta horien datazioek aztarnategiari buruzko informazio osatua eskainiko dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia