Izotzaren azpian ere, bizidunak

Glaziar baten azpian bi milioi urte inguru daraman ekosistema bizi bat aurkitu dute Antartikan. Hain zuzen, Taylor glaziarrak estalitako aintzira batean dago ekosistema, 400 metroko izotz-geruza baten azpian. Kondizio horietan gutxienez 17 mikroorganismo bizi direla ikusi du Hanoverko Dartmouth Eskolako ikertzaile-talde batek.

Ez dute indusketarik egin behar izan aintzirara iristeko. Aintzirak efluente bat dauka, Blood Falls izenekoa, eta tarteka borborka ateratzen da ura. Ikertzaile-taldeak sei urtez hartu ditu ateratzen zen uraren laginak, eta horiek aztertuta ikusi du han ere bizidunak daudela.

Aurkikuntza harrigarriena ez da bizidunak egotea; azken batean, Lurrean muturrekotzat jotzen ditugun beste hainbat kondiziotan ere egoten dira. Zientzialarientzat harrigarriena izan da jakitea nola moldatzen diren bizidunok bizitzeko beharrezko energia lortzeko. Uste dute sulfatoa —ur horretan oso ugaria dena— katalizatzaile gisa erabiltzen dutela energia lortzeko erreakzio-kate konplexuan, eta burdina dela —oso ugaria hori ere— elektroien azkeneko hartzailea. Biogeokimikari askok uste zuten hori gertatzea oso zaila zela, burdinak eta sulfatoak erreakzionatuta pirita sortzen baita.

Irudia: Benjamin Urmston

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali