Izotza noiz urtuko zain
2001/10/29 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Alaskako zenbait biztanleren ohitura bitxi bat klima-aldaketari buruzko datuak osatzeko baliagarri gertatu zaie zientzialariei. Nenana herriko biztanleak apustuzaleak dira eta urtero-urtero udaberrian apustu berezia antolatzen dute. Herritik hurbil pasatzen den ibai izoztu baten erdian egurrez eraikitako tripode handi bat ezartzen dute. Izotza urtu eta tripodea noiz hondoratuko den iragartzen saiatzen dira eta izotzaren urtze-eguna asmatu nahian datak jarriz apustuak egiten dituzte. Ia mende bete egin dute apustu bera urtero errepikatuz, eta beraz, oharkabean, ibaiaren urtzaldiari buruzko datu-pilaketa garrantzitsua egin dute. Datuek ibaia garai batean baino bost egun lehenago urtzen dela erakusten dute.
1917an, trenbideko langile-talde batek egin zuen lehen postura. Alaska erdialdean dagoen Tanana ibaiko izotza noiz urtuko zen iragarri nahi zuten, eta 800 $ jokatu zituzten izotzak atzera egingo zuen egun, ordu eta bai minutu zehatza ere asmatu nahian. Postura urteroko ohitura bihurtu zen handik hurbil dagoen Nenana herrian, eta urteen poderioz apustuaren oihartzuna estatu osora hedatu da. Gaur egun, Alaskako mutur guztietatik iristen da Tanana ibaira "Nenanako Izotzaren Klasika" apustu-lehiaketan jokatzera. Jai handia da eta egun 300.000 dolarreko sari nagusia izaten da irabazlearentzat.
Apustu honi esker, 1917az geroztik klima aldaketari buruzko datu baliagarriak bildu dira. Apustulariak zorrotzak izan ohi dira dirua jokatzeko orduan, eta beraz, antolatzaileek arreta handia jarri dute baldintza berdinak izateko urtero, eta, besteak beste, tripodea zehatz-mehatz toki berean ezartzeko neurriak hartu dituzte. Stanford-eko Unibertsitateko ikertzaileek apustua egin den azken 84 urteetako datuak bildu dituzte, eta gaur egun, izotza 1917an baino 5,5 egun lehenago hausten dela ikusi dute. Datu hau eskualdeko tenperaturaren epeltze-joerarekin bat datorrela ikusi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia