}

Izotza Marteko hego-poloan

2003/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Marteko hego poloan izoztutako ur gehiago detektatu duela iragarri du NASAk. Mars Odissey ontziak joan den otsailean (Marteko udan) egindako argazki batean lur-zati batek atentzioa eman zien NASAko ikertzaileei. Ontziaren kamera infragorriarekin zehatzago aztertu ondoren, eremu horrek ingurukoak baino bero gehiago xurgatu eta igortzen duela ikusi dute. Horren arabera, oso posible da hor izoztutako ura egotea.

NASA

Argazkian, gezi gorriarekin markatuta dago eremua (zati zuri oso ahul hori da). Zuriz ikusten den beste eremu guztia ez da izoztutako ura, izoztutako karbono dioxidoa baizik, Marteko poloetako osagai nagusia.

Zientzialari batzuen ustez, udan, urtzen denean, bistan uzten du azpian dagoen ur izoztua. Argazki honetan oso eremu txikian ikusten da ura, baina, zientzialari horien arabera, oso posible da izoztutako karbono dioxidoaren azpian ur-eremu handiagoak egotea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia