Izotz Aroko klima-aldaketak Europan ekialderako migrazioa eragin zuela baieztatu dute

2025/05/29 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

izotz-aroko-klima-aldaketak-europan-ekialderako-mi
GIZAPRE Historiaurreko Ikerketa Taldea , Lezetxikiko indusketetan. Arg. EHU

Koloniako Unibertsitateak zuzendutako nazioarteko ikerketa batek argitu du nola eragin zien duela 12.000 urte baino gehiagoko klima-aldaketak historiaurreko giza populazioei. Ikerketaren arabera, ondorioztatu dute talde askok ekialdera migratu zutela klima berrira egokitzeko, desagertu ordez. Alvaro Arrizabalaga Valbuena EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldeko kidea da ikerketaren egileetako bat, eta Plos One aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian

Ikertzaileek bi denboraldi garrantzitsutan jarri dute arreta: Paleolitoaren bukaeran klima hobetu zen aldia, orain dela 14.000-12.500 urte, eta klima denbora laburrean hoztu zen aldia, duela 12.500-11.600 urte artean, azken glaziazioaren amaieran. Aldi hori Pleistozenoko azken hotz-astindua izan zen eta Holozenoko klima-zikloari eman zion bidea.

Ikertzaileek, Koloniaren Protokoloa izeneko metodologia geoestadistiko berritzailea erabilita, eta datu arkeologikoen oinarri zabal batekin, biztanleriaren tamaina- eta dentsitate-aldaketak zenbatetsi  dituzte Europako hainbat herrialde-eremutan, bi aldi horiek hartzen duten denboran.

Klima hobetu zen lehen aldi hartan, gizakiek jarraitu zuten birpopulatzen eta Europa erdialdeko iparraldera eta ipar-ekialdera hedatzen; horrela, eremu hori Europako dinamika demografikoaren erdigunea bihurtu zen historiaurrean lehenengoz. Europako hego-mendebaldeko biztanleriak, batez ere Iberiar penintsulan eta Frantzian, gutxiagotzen hasi ziren aurreko denboraldietako datu demografikoekin alderatuta.

Bat-bateko hoztearen ondorioz, berriz, biztanleria asko murriztu zen: erdira jaitsi zela iradokitzen dute datuek, hain zuzen. Hala ere, Europako erdialdeko eta ekialdeko eremu batzuetan, esaterako, Italiako iparraldean, Polonian eta Alemaniako ipar-ekialdean, biztanleriaren dentsitatea handitu egin zen.

Ikertzaileen ustetan, gertaera horrek erakusten du zein azkar erreakzionatu zuten historiaurreko gizakiek klima-aldaketaren aurrean. Izan ere, biztanleriaren kolapsoa jasan zuen aurreko denboraldian ez bezala (Gravettiarrean zehar, duela 25.000 bat urte), Goi Paleolitoko gizakiek hobeto erantzun zuten, itxuraz mesedegarriagoak ziren eremuetara migratzearen bidez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia