Izerdiaren ahalmen harrigarriak
2003/07/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Izerdian, urarekin batera, gatzak eta toxinak kanporatzen dira. Eta baita feromonak ere. Feromonak usainik gabeko substantziak dira eta, nonbait, besteen jokaera eta erantzun fisiologikoa aldatzeko gaitasuna dute. Animalietan feromona dezente identifikatu dira, bai intsektuetan bai ugaztunetan, eta gizakietan ere badaudela uste dute ikertzaileek. Feromonen izaera eta eraginak zein diren jakin nahian, beraz, ikertzaile asko ari da lanean, eta horietako batzuk izerdi-patsetan ariko dira, gainera.
Azkenaldian, feromonen ustezko gaitasunean oinarrituta, hainbat perfume feromonadun atera dira merkatura; publizitatearen arabera, perfume hori erabiltzen duenak beste sexukoak erakarriko ditu, inolako saiakera berezirik egin gabe.
Ez da frogatu perfume horien egileek diotena egia denik, baina feromonen eraginei buruzko ikerketa zientifiko batzuk azaldu dira azken urteotan sinesgarritasun handiko zientzia-aldizkarietan. Esaterako, 1998an, giza feromonek hilekoaren erregulazioan eragiten zutela argitaratu zuen Nature aldizkari ospetsuak. Horrek azaltzen zuen zergatik sinkronizatzen den elkarrekin bizi diren emakumeen hilekoa. Urtebete geroago, beste ikerketa bat azaldu zen Nature Genetics aldizkarian, giza feromonen errezeptoreak identifikatu zituztela eta.
Gizonen galtzarbearen dohainak
Ikertzaileek jo eta su jarraitu dute lanean eta, orain, gizonen galtzarbeko izerdiak dituen feromonek ugalkortasun-arazoak tratatzeko balio dezakeela eman dute aditzera. Hori gutxi balitz, gizonen galtzarbea usaintzea emakumeentzat lasaigarria dela ere esan dute. Ez dira, ez, makalak, gure mutil saiatuak eta berozale porrokatuak; a zer dohainak dituen beren izerdiak!
Ikerketa AEBetan egin dute, Pennsylvaniako Monell Zentzumen Kimikoen Zentroan. Ikerketaburuaren esanean, gizonen galtzarbean feromonak jariatzen dira, eta horiek gai dira usaintzen dituenaren garunean eta gorputzean eragiteko, nahiz eta horretaz ez jabetu. Hori frogatzeko, gizonen galtzarbeko izerditik feromonak erauzi, perfumearekin kamuflatu, eta emakume boluntario batzuei eman dizkiete usaintzeko.
Emakume horiek sei orduz usaindu behar izan dituzte feromonak. Aldi berean, ikertzaileek hilekoaren erregulazioan parte hartzen duen LH hormonaren kantitatea neurtu dute emakumeen odolean. Garunak pultsuka jariatzen du hormona hori, eta, obulatzeko garaia hurbiltzen ari den heinean, pultsuen maiztasuna areagotu egiten da eta, gainera, hormona-kantitate gehiago jariatzen du pultsu bakoitzean. Bada, ikertzaileek ikusi dutenez, feromonak usaintzeak hurrengo pultsua aurreratu egiten du.
Horretaz gain, emakumeek adierazi zutenez, proba egitean urduritasuna galdu eta erabat erlaxatu eta lasaitu ziren. Bi eragin horiek, bai hormonaren jarioa areagotzea eta aurreratzea bai erlaxatzea, antzinako gizakiaren hondarrak izan daitezkeela uste dute ikertzaileek. Gure alderdi basatienaren erakusle direla esan nahi ote dute?
Haitzuloetako gizakien oroigarria
Gizakiak haitzuloetan bizi ziren garaian, gizonek eta emakumeek ez zuten elkarrekin egoteko aukera handirik izaten. Hortaz, emakume haientzat onuragarria zen edozein momentutan ernaldua izateko prest egoten lagunduko zieten mekanismo bat izatea. Zientzialarien esanean, emakumeen ugalketa-sistemak hori lortzeko eboluzionatu zuen; zalantzarik gabe, gizona usaintzean ugal-hormonen maila igotzea oso baliagarria izango zen emakume harentzat eta giza espeziearentzat. Beraz, feromonei esker, haitzuloetako gizakiek ugaltzeko aukera gehiago zuten.
Hori guztia zientzialarien espekulazio hutsa da, baina oso litekeena omen da. Feromonen eragin lasaigarria ere bat dator proposatzen dutenarekin: emakumeak lasai badaude, urduri egonda baino errazago onartzen dute gizona beren ondoan. Eta horrek ere ugalketarako aukerak handitzea eragiten du.
Ikertzaileen arabera, beraz, feromonak arbasoek gugan utzitako arrastoak dira, eta oso baliotsuak dira ugalkortasuna bermatzeko. Ideia horrek, ordea, gizon eta emakumeen arteko harremanei buruz gaur egungo gizarteak duen ikuspegia hankaz gora jartzen du. Izan ere, gaurko gizartearen ikuspuntutik, harreman horiek askatasun osoz sortzen dira, eta harremanaren helburuak ez du zertan ugaltzea izan.
Nolanahi ere, ikerketa itxaropentsua izan daiteke haurrak izateko zailtasunak dituzten hainbat bikoterentzat. Feromonak identifikatu, isolatu, aztertu eta eraldatuta, ugalkortasuna handitzeko botika eraginkorrak egin ahalko direla espero dute ikertzaileek. Diotenez, orain arte zientzialariek, besteak beste, oihanean, itsasoan eta animalietan bilatu dituzte horrelako botikak egiteko osagai eragileak. Baina, agian, besazpian begiratu besterik ez zuten!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia