}

Izarren koloreak

2009/09/13 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Gau garbi batean zerura begiratzen baduzu, izar mordoa ikusiko duzu. Baina, konturatu zara inoiz izar bakoitzak bere kolorea duela? Beharbada, zerura begiratuta, lehenengo gainbegiratuan, izar guztiak kolore berdinekoak ikusiko dituzu. Baina ez da hala.
Eneas

Izarrak argi-puntuak dira espazioaren iluntasunean. Askotan, begi hutsez begiratuz gero, zuriak dirudite izar gehientsuenek. Koloredunak dira, ordea. Batzuk gorriak, beste batzuk urdinak eta beste batzuk horiak. Betelgeuse, Orion konstelazioko izar ezaguna, gorria da. Vega, izar urdin argia edo zurixka. Arturo, erraldoi laranja. Gure Eguzkia, denok ondo asko dakigun moduan, horia da, eta abar.

Kolorearen garrantzia

O, B, A, F, G, K, M sailkapenean, tenperatura handiagotik txikiagora sailkatzen dira izarrak.
Kieff

Gainera, zerbait jakin nahi baduzu izar bati buruz, aztertu beharreko lehen ezaugarria kolorea da, izarraren tenperaturaren berri ematen baitigu. Hala, tenperatura ezagututa, jakin daiteke zer ari den gertatzen izarraren barruan, gaztea ala zaharra den eta beste gauza asko.

Izar beroenak urdinak dira, eta hotzenak, berriz, gorriak. Tartean, koloreen eskala oso bat dago: urdinetik zurira, zuritik horira, horitik laranjara eta laranjatik gorrira. Kolore-eskala horrekin batera, letren bidezko sailkapen bat dago. Izan ere, izar-mota bakoitza letra batez adieraztea erabaki zuten astronomoek, eta letra horiek gogorarazteko esaldi bitxi bat asmatu zuten: Oh, be a fine girl, kiss me . Sailkapen eta letra horien atzean izarren koloreak daude ezkutatuta. Horren harira, O eta B motako izarrak urdinak dira, eta K eta M motakoak, gorriak. Tartean, beste hainbat.

Betelgeuse izarraren irudia, Hubble teleskopioak jasoa. (NASA/ESA).

Segur aski, egunerokotasunean, kolore gorria suarekin eta beroarekin erlazionatuko genuke, eta urdina, berriz, hotzagoekin —esaterako, izotzarekin—. Tira, bada, errealitatetik oso urrun gaude. Bai, bederen, izarrei eta haien tenperaturari buruz hitz egitean. Kasu horretan,kolore gorria beroa da, eta urdina oso beroa. Arestian aipatu bezala, kolore horiek ematen digute izarren gainazaleko tenperaturaren berri: izar gorriak tenperatura baxuenekoak dira, gutxi gorabehera 3.500 gradu zentigradu; urdinen tenperatura, berriz, 30.000 gradu zentigradu inguru da. Eguzkia izar horia da, eta haren gainazaleko tenperatura 6.000 gradu inguru da. Bada, harrigarria iruditzen bazaigu ere, gure Eguzkia izar hotz samarra dela esan daiteke. Hala ere, izar baten barruan gertatzen dira erreakzio nagusiak, eta barrualdea beti askoz beroagoa izan ohi da. Barneko tenperatura ikaragarri altua izan ohi duten izarren kanpoko geruza ere beroa izaten da, eta, hori dela eta, energia handiko fotoiak igortzen dituzte. Energia handiko fotoiak urdinak dira, eta energia txikiagokoak, berriz, gorriak.

Urdinak, gorriak, horiak...ez ezik, izar marroiak eta beltzak ere badaude. Marroiek ez dute ia indarrik berezko argia sortzeko, eta ez dira, ez izar, ez planeta. Beltzak, berriz, izar hipotetikoak dira; ez dira inoiz detektatu, baina, teorian, existitzen dira.

Izar batek igorritako argia, beraz, izarraren gainazaleko tenperaturaren araberakoa da. Alegia, izarraren tenperaturak agintzen du izarraren kolorea zein izango den. Alderantziz, izar bati begiratuta eta haren kolorea zein den ikusita, zer tenperatura duen ondoriozta dezakegu. Guk uste baino ezaugarri gehiago ondoriozta daiteke izarren argia aztertuz, eta horixe egiten dute, hain zuzen ere, astrofisikariek. Besteak beste, zeruko objektuen propietateei buruzko informazioa ematen dute, haiek igortzen duten argia aztertuta.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia