Izar uxoek euria ekartzen dute
2005/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurraren atmosferara sartzen diren meteoroideek ez dute arrasto distiratsu bat bakarrik uzten zeruan. Nonbait, klimatologian ere eragiten dute, batez ere meteoroidea erortzen den lekuan.
Ondorio hori plazaratu du ikertzailetalde batek Nature zientzia-aldizkarian, iaz Tasmania inguruan atmosfera zeharkatu zuen meteoroide baten eragina aztertu ondoren. Meteoroideak hamar metroko diametroa zuen, eta, atmosferan sartu zenean, zati txikitan desegin zen marruskaduren eraginez. Alabaina, zatiak aztertutakoan, konturatu ziren uste baino handiagoak zirela, 0,41 mikrometro neurtzen baitzuten.
Neurri horretako partikulek hilabeteak iraun dezakete atmosferan esekita; denbora horretan, Eguzkiaren argia xurgatzen eta sakabanatzen dute. Ikertzaileen ustez, horrek eragin zuzena du meteoroidea erori den lekuko kliman. Hain zuzen, 100 metroko diametroko meteoro baten eragina Filipinetako Pinatubo bolkanaren eraupzioaren antzekoa izango litzatekeela adierazi dute. Halaber, ekuatoretik gertu erortzen diren meteoroek dute eragin handiena kliman, han jasotzen baita eguzki-energia gehien.