}

Izar handiak kanporatutako hautsa

2003/03/27 Elhuyar Zientzia

2002ko urtarrilean Unicornus konstelazioko izar bat lehertu zen, eta, ondorioz, Esne-bidearen izarrik distiratsuena izan zen hiru hilabetez. Hiru astronomo-taldek ikertu zuten leherketa hura Hubble teleskopioak hartutako irudien bitartez: Estatu Batuetatik batek, Kanariar Uharteetatik beste batek eta Italiatik azkenak.

Hasieran noba bat izan zela uste zuten, baina leherketak ez zuen noba batek uzten dituen arrastoak utzi. Aldiz, izarra zabaldu egin zen, eta izar supererraldoi bilakatu zen. Bilakaera hori ez da ohiko izarren
eboluzio-bide arrunta, eta, beraz, astronomoentzat oso leherketa interesgarria izan da.

Horrez gain, Hubble-ren irudietan argi ikusi zuten supererraldoi horrek kanporatu zuen 'hauts-burbuilaren' zabaltze-prozesua. Deigarria benetan. Eta jasotako datuetatik eta irudietatik abiatuta, izarra hemendik 20.000 argi-urtera dagoela kalkulatu dute ikertzaileek.

Dena dela, fisikariek fenomeno deigarri horren azalpena aurkitu nahi dute. Ez da ohikoa izar batek hainbeste energia askatzea hain denbora-tarte txikian. Beraz, orain aukera guztiak ari dira aztertzen. Adituen ustez, bat-bateko energia hori bi iturritatik etor liteke: grabitaziotik edo erreakzio termonuklearretatik. Beharbada, hautsezko geruza horren hiru dimentsioko mapa eginda lortuko dituzte erantzunak; beharbada galdera berriak ere azaleratuko dira.

Bideoa Hubble-ren web gunean dago eskuragarri.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia