NASAren NEOWISE misioaren epe luzeko behaketak aztertuta, ikertzialeek izar baten heriotza bati jarraipena egin diote, eta, ikusi dute, hiltzean, supernoba-leherketa bat sortu beharrean, kolapsatu egin zela. Horrenbestez, ondorioztatu dute, kolapsatu ondoren zulo beltz bat sortu zenez, zulo beltzak lehen uste zutena baino ugariagoak direla.
Supernobak oso ikusgarriak dira, eta, beraz, oso aspalditik behatzen dira eta nahiko ondo ezagutzen dira.
«Ikertzaileek uste dute ohikoa izan daitekeela zulo beltzak sortzea horrelako prozesuen bitartez.»
Nolanahi ere, astronomoek bazuten susmoa beste izar batzuek ez zutela eztanda egiten. Haiek detektatzea, ordea, askoz ere zailagoa zen, ez zirelako hain distiratsuak.
Galaxia batean dauden milaka eta milaka izarren artean, ez da erraza bakar baten heriotza hautematea.
Argi infragorriz
Oraingoan, NEOWISEren datuak erabili dituzte. Teleskopio hori berariaz diseinatuta dago asteroideak eta kometak bilatzeko, eta argi infragorria detektatzen du. Haren bidez jasotako datuak aztertzean, ikertzaileek ezohiko izar bat aurkitu zuten Andromeda galaxian. M31-2014 DS1 izena zuen, eta, ikusi zuten, 2014tik aurrera, bi urtez igortzen zuen distira infragorria handitu egin zela. Gero, ahultzen joan zen, eta ia ikusezin bihurtu zen argi optikoan, 2022an.
Argi infragorriz baino ezin ziren detektatu haren hondarrak. Horrela konturatu ziren izarra, lehertu beharrean, kolapsatu egin zela, eta zulo beltza bilakatu zela.
Ikertzaileek uste dute ohikoa izan daitekeela zulo beltzak sortzea horrelako prozesuen bitartez. Beraz, oso litekeena da zulo beltzen kopurua jakiteko kalkuluak motz geratu izana. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia




