Itziar Alkorta: "Giza enbrioiaren estatusa definitu gabe egotea da arazo nagusia"
2003/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zelula amen gaineko ikerketek eztabaida etiko bizia sortu dute. Zergatik?
(Argazkia: A. Galarraga).Ikerketa horien inguruan, bi arazo daude: bata etikoa eta bestea, gutxiagotan aipatzen bada ere niretzat oso garrantzitsua, ekonomikoa.
Ikuspegi etikoaren aldetik, arazoa konplexua da eta alderdi asko ditu. Batetik, zelula amen iturrietako bat enbrioiak dira, giza enbrioiak, eta horiekin ikertzeak arazo etikoa sortzen du. Enbrioia zer den definitzeke dago, eta, hori ulertzeko moduaren arabera, muturreko bi jarrera daude. Batzuek uste dute amaren sabelean oraindik ezarri gabeko enbrioia gauza bat dela eta ez duela bestelako begiramenik behar. Aldiz, beste muturrean daudenek, eliza katolikoak batez ere, uste dute enbrioia pertsona bat dela ernalketa gertatu denetik. Tartean badaude zenbait iritzi. Adibidez, Europako Etika Batzordearen ustez, enbrioiak gauzak baino babes gehiago merezi du, etikoki duintasuna duen ondasun bat da.
Bigarrenik gaixoen eta gizartearen osasun-eskubidea dago; kontua da eskubide hori enbrioiaren bizitzeko eskubidearen aldeko hainbat jarrerarekin kontrajartzen dela. Bestetik, zientzialarien ikertzeko askatasuna dago. Horrek pisu handia du gaurko gizartean, ikerketak gizarteari aurrera egiteko aukera eman diolako historikoki.
Azkenik, bada gutxitan aipatu den baina nire iritziz garrantzia baduen arazo etiko bat: emakumeen askatasuna eta emakumeen eskubideen babesa. Zergatik? Bada, enbrioi horiek sortzeko obuluak behar direlako, eta obuluak erauzteko emakumeak tratamendu mediko nahiko gogorrak eta desatseginak jasan behar dituelako. Neurri batean, batzuetan emakumeak diru truk obulu-hornitzaile moduan erabiltzen dira, eta nik uste dut hori arriskutsu bihur daitekeela.
Lau alderdi horiek nabarmentzekoak dira etikoki, eta horien artean sortzen da gatazka: batetik enbrioiaren eskubideak daude, eta bestetik gizartearen osasun-eskubidea eta ikertzeko askatasuna. Hor dago arazo nagusia.
Hala ere, bi arazo daudela aipatu duzu lehen: etikoa eta ekonomikoa. Zein arazo sortzen da ikuspuntu ekonomikotik?
Enbrioiak sortzeko obuluak behar dira. Neurri batean, emakumeak obulu-hornitzaile moduan erabiltzen dira.Alde horretatik, ikerketa horiek patentagarriak diren ala ez da arazoa; azkenean, enbrioi klonatua patentagarria den ala ez. Oso ikuspegi desberdinak daude, bata Europakoa eta bestea AEBetakoa. Europan badaukagu 1998ko zuzentarau bat nolabait bidea zabaltzen duena giza enbrioi klonatuak patentatzeko, betiere ondoren zelula amak erauzteko badira. Baina oso aukera gutxi ematen ditu. Izan ere, enbrioi hori sortzeko, tartean beti behar da prozedura artifizial bat. Ez da patentagarria, esate baterako, naturalki ernaldutako enbrioi bat, ezta in vitro sortutakoa ere.
AEBetan kontrako irizpidea dago. Han edozein prozedura patenta daiteke terapiarako balio badu. Orokorrean, enpresa pribatuek beren ikerketak babestu nahi dituzte patente bitartez; aldiz, zientzia publikoak interes handia dauka ikerketa horien emaitzak eta aurrerabide guztiak denontzako irekiak eta eskuragarriak izan daitezen. Argi dago interes pribatuak eta publikoak erabat kontrajartzen direla.
Enbrioiaren estatusa adostuz gero, egoera ez litzateke hain nahasia izango. Zure ustez, litekeena da adostasunera iristea epe motzean?
Arazo handiak daude. Ez dago horren inguruko hitzarmenik nazioartean. Europan gai hori adosteko saioak egin dira, baina oraindik oso-oso urruti daude batzuen eta besteen jarrerak. Gehienek uste dute nazioarteko erakunde batek arautu behar duela giza enbrioiaren estatusa zein den, baina momentu honetan benetan da zaila hitzarmen batera heltzea.
Zein da Europako herrialdeen iritzia?
Europan, legeen arabera, lau jarrera desberdin daude. Herrialde batzuetan, erabateko debekua dago giza enbrioiekin ikertzeko: Austrian, Danimarkan, Irlandan eta, oraingoz, baita Espainian ere.
Alemanian, berriz, enbrioiak inportatzeko aukera dago. Orain arte, Alemanian enbrioia babesteko oso lege gogorrak izan dituzte, memoria historikoaren eraginez, III Reicharen ondoriozko kulpa moduko bat dutelako. Baina ikertzaileek legea aldatzera behartu dute eta, 2002ko hasieratik, beste herrialdeetan sortutako giza zelula amen lerroak inporta ditzakete.
Beste herrialde batzuetan, in vitro sortu eta soberan dauden enbrioiekin ikertzeko aukera dago: Finlandian, Grezian, Herbehereetan, Frantzian eta Suedian.
Sei eguneko enbrioia: batzuentzat zelula-multzoa, beste batzuentzat pertsona heldu baten eskubideak dituen enbrioia.Azkenik, egoera permisiboena Britainia Handian dago. Han, ikertzeko eta zelula amak erauzteko, enbrioiak sortu egin daitezke.
Europako gainerako herrialdeek ez dute legerik.
Europako Batasunak irizpide berriak kaleratu ditu ikerketa-mota honen gainean...
Europako Kontseiluak ikerketa finantzatzeko VI. Programa argitara eman zuenean, 2002. urtean, esan zuen ez zituela enbrioietatik eratorritako zelulen gaineko ikerketa-egitasmoak finantzatuko aurretik Europako Batzordeak eta Parlamentuak horren aldeko iritzia ematen ez bazuten.
Europako Batzordeak eman berri du bere iritzia, 2003ko uztailaren 9an. Horren arabera, ikerketa horiek diruz laguntzearen alde dago, baldin eta proposatzen duen herrialdeak enbrioiekin ikertzeko aukera ematen badu, in vitro ernalkuntzaren ondorioz soberan dauden enbrioiak bakarrik erabiltzen badira, eta enbrioi horiek 2002ko ekainaren 27a baino lehen ernaldutakoak badira. Horrekin zera ekidin nahi da: ugaltze-klinikek behar baino enbrioi gehiago sortzea ondoren ikertzaileei emateko. Bestalde, Europako diruekin sortutako zelula-lerroak banku bakar batera eramateko gomendioa egiten da. Ikertzaile guztiek izango dute, horrela, zelula horiez baliatzeko aukera.
Edonola ere, oraindik ez da azken erabakirik hartu. Parlamentuak bere iritzia eman behar du. Urte amaieran, Batzordearen eta Parlamentuaren iritziak kontuan izanda, Europako Kontseiluak hartuko du azken erabakia.
AEBetako egoera Europakoa baino argiagoa da?
AEBetan oso istorio bitxia gertatu da. Han aspalditik dute araututa Common Rule -n ezin dela diru publikorik erabili giza enbrioiekin ikerketak egiteko, giza enbrioiek babes berezia merezi dutela. Baina 1997an Dollyrena eta nukleo-transferentziarena jakin zutenean, horri buruz eztabaidatzen hasi ziren. Zientzialariek gehiago ikertu nahi zuten, eta garai hartako gobernuak bioetikako batzorde bat sortu zuen, NBAC deritzona.
Britainia Handian, ikertzeko eta zelula amak erauzteko, enbrioiak sortu egin daitezke.Batzorde hark argi eta garbi esan zuen 1999an legeak debekatu egiten zuela giza enbrioiekin ikertzea, baina, osasun-eskubideak kontuan hartuta, beharrezkoa zela legea aldatzea ikerketei aurrera egiten uzteko. Clinton hori parlamentura eramaten saiatu zen, baina kontserbadoreak aurka jarri ziren. Orduan, bitarteko konponbide batera heldu ziren: ez zen diru publikorik emango giza enbrioi klonatuak sortzeko, baina zilegi zen diru publikorik erabili gabe sortutako giza enbrioietatik erauzitako zelula amak erabiltzea. Ondorioz, enpresa pribatuen esku utzi zen zelula amen lerroak sortzea.
2001eko abuztuan, Bushek luzamendu moduko bat agindu zuen: zientzia publikoak zelula amak erabiltzen jarraitzeko aukera du, baldin eta lerro horiek 2001eko abuztua baino lehen sortuak badira, ez ordea ondorengoekin. Aldi berean, giza klonazio terapeutikoa eta erreproduktiboa debekatzen zuen lege bat onar zedin ahalegina egin zuen, baina oraindik ez du Senatua konbentzitu giza klonazio terapeutikoa debekatzeko.
Munduko gainerako herrialdeek badute horri buruzko legerik? Nazioartean badago adostasunera iristeko aukerarik?
Munduko beste herrialdeei dagokienez, gehienetan ez dago inolako araudirik. Asian araudirik eza erabatekoa da, eta herrialde batzuk erabat permisiboak dira eta ikerketak egiten uzten dute. Asmoa zientzialariak bertara erakartzea da, legerik ez dagoela aprobetxatuz.
Legeen aldetik nazioartean adostasuna lortzea oso zaila izango da. Europako Kontseiluak biomedikuntzari buruzko hitzarmenean esan zuen, 1997. urtean, horretarako pausoak eman behar zirela, baina ez da ezer garbirik lortu.
Nazioarte mailan, UNESCO saiatu zen arazoa bideratzen eta arau bat lortzen edo gutxienez irizpide batzuk adosten, baina Vatikanoak, AEBek, Filipinak eta Espainiak ezezkoa eman zioten. Hori da gaur egungo egoera.
Zelula amen auziak eztabaia bizia piztu du gizarten.Epe motzean ez dago konponbiderik, eta nik uste dut hori ez dela ona, batez ere gizartearentzat eta erabiltzaile potentzialentzat. Araudi bateraturik ez egoteak AEBetan bezala egotea ekartzen du: enpresa pribatuei bidea ematen zaien herrialdeetan patenteak sortzen ari dira, eta horrek esan nahi du hortik aterako liratekeen tratamendu medikoak batzuen esku geldituko direla eta oso garestiak izango direla. Herrialde garatuek horiek erosteko aukera izango dute, baina pobreek ez, eta are gehiago zabalduko da bien arteko tartea.
Bestetik, ikertzaile-taldeak badu iritzi bateratu bat? Orokorrean bat datoz?
Ikertzaileen artean ere badaude muturreko joerak, baina gehienak ados daude ikerketari ateak ireki behar zaizkiola. Ia denek uste dute soberan dauden enbrioiak, birrindu ordez, hobe dela horrelako ikerketetan erabiltzea, eta askok uste dute nukleo-transferentziaz propio sortutako zelula-multzo batekin ikertzeak ez duela giza duintasuna kaltetzen.
Ugalketarako giza klonazioa, aldiz, ez dago hain onartua, ezta?
Hori oso jende gutxik onartzen du, eta zientzialarien artean ere gehienek ez dute ikusten etikoki bideragarria denik.
Beste teknika batzuekin ere hasieran kontrako iritzia oso gogorra izan da, baina gero onartu egin dira. Hemen oraindik ez da erraza, agian aplikazioak oso urruti daudelako?
Bai. Ni horretan guztiz bat nator Europako Etika Batzordeak emandako iritziarekin. Bi printzipio aipatzen ditu: proportzionaltasuna eta zuhurtasuna. Proportzionaltasun-printzipioaren arabera, oraindik ez dakigunez zein bidek emango dituen emaitza onenak, helduen ehunetatik edo enbrioietatik erauzitako zelula amen gaineko ikerketek, alegia, biak berdin bultzatu behar dira. Bitartekoek eta ondorioek proportzionalak izan behar dute, eta, ondorioak zein izango diren ez dakigunez, bitarteko berak erabili behar ditugu batean zein bestean.
Hainbat taldek ez dute inolako eragozpen etikorik ikusten ez klonatzeko ez zelula amekin ikertzeko. (Argazkia: HCF).Bestalde, Etika Batzordeak uste du giza enbrioiak merezi duela nolabaiteko babesa, eta hori ere kontuan hartu behar da proportzionaltasun-printzipioa aplikatzeko garaian.
Beste printzipioa, zuhurtasun-printzipioa, oso garrantzitsua da. Zelula amen gaineko ikerketak oraindik hastapenetan daudenez, oraindik ez da komeni aplikazio terapeutikoak gizakietan probatzea. Izan ere, ez dugu inolako bermerik aplikazio horiek ez dutela ondorio txarrik ekarriko. Beraz, giza eskubideen babesean oinarrituta, zuhurtasunez jokatu behar da.
Nire iritziz, bi printzipio horiek oso garrantzitsuak dira: ez gaitezen enbrioien zelula amekin itsutu, ez dakigulako hortik zer etorriko den, eta, bestetik, zuhurtasunez joka dezagun.
Espainiako egoera Espainian, giza ugaltze artifizialari buruzko lege bat atera zen 1988an, eta oraindik indarrean dago. Beste edozein herrialdetan baino lehenago sortu zen ernalkuntza artifizialari buruzko lege hori, eta garai hartarako oso permisiboa zen. Horren arabera, giza enbrioi bideragarriekin ezin da ikerketarik egin, ez bada enbrioiaren mesedetan; ez-bideragarriekin, berriz, zerbait egin daiteke, hainbat baldintza zientifiko betez gero. Horretaz gain, lege horren artikulu baten arabera, in vitro sortu eta soberan dauden enbrioiak ezin dira birrindu; izoztu egin behar dira, baina bost urtez bakarrik gorde daitezke izoztuta. Ez du esaten, ordea, zer egin behar den gero. Legea atera ondoren giza ernalkuntzarako batzorde bat ere sortu zen, eta, hark txosten batean adierazi zuen aukera eman behar zela izoztutako enbrioi horiekin ikertzeko. Horretarako, legea aldatu behar zela ere esan zuen. Alabaina, hori oso gaizki hartu zuen PPren gobernuak, eta bigarren txosten bat egiteko eskatu zion berak izendatutako beste batzorde bati (Ikerketarako Etikari buruzko Batzorde Aholkularia). Eta batzorde horrek ere, gutxi gorabehera, gauza bera adierazi zuen. Azkenean, Gobernuak legearen aldaketa proposatu du, baina oraindik ere onartzeko dago. Aldaketaren helburua da soberan dauden in vitro enbrioiekin zelula amak sortzeko baimena ematea. Hala ere, horrekin batera esaten da legearen erreformaren aurretik sortutako enbrioiekin bakarrik iker daitekeela, eta ez ondoren sortutakoekin. Ikusten denez, Europatik datozen arau berriekin bat egin nahi da erreforma horren bitartez. Hala ere, enbrioiak inportatzeko eta esportatzeko debekuak bere horretan dirau, eta horrek isolaturik utziko ditu Espainiako ikertzaileak, ezingo baitute Europako Zelula Amen Bankuko materialik erabili, ez eta hara beraiek sortutako zelula-lerrorik eraman ere. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia