}

Itsutasunari aurre egiteko GPS magnetikoa

2004/01/22 Elhuyar Zientzia

Sator-arratoi itsuek ez dute begirik, eta denbora asko ematen dute lur azpian zulaketa-lanetan. Izan ere, bidaia luzeak egin behar dituzte jatekoa bilatzeko. Eta, harrigarria badirudi ere, janari bila joateko, ‘etxea’ utzi, bidaia egin eta bueltan toki berera itzultzeko gai dira. Baina nola moldatzen dira, begirik ez badute?

Distantzia laburretarako, usaina eta oreka erabiltzen dituzte norabidea aukeratzeko. Distantzia luzeetan, ordea, informazio hori guztia Lurraren eremu magnetikoarekin konbinatzen dutela ondorioztatu dute zientzialariek. Izan ere, laborategian egindako probetan, kanpoko eremu magnetikoa aldatzeak arratoiak nahasi egiten dituela ikusi dute.

Mekanismoa zein den ez dago argi, baina zenbait zientzialarik proposatu dute sator-arratoi itsuek magnetita-kristalak dituztela sudurraldean; eta magnetitak eremu magnetikoaren arabera orientatzen denez, arratoiak gai dira norabidea etengabe egiaztatzeko.

Argazkia: PNAS

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia