Itsuentzako autoa, utopiatik errealitatera?
2010/08/01 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Estatu Batuetako Itsuen Federazio Nazionala (NFB, ingelesezko sigletan) Virginia Tech ikerketa-zentroko ikertzaile eta ikasleekin elkarlanean dabil azken urteotan. Ikusteko arazoak edo itsutasuna pairatzen duten pertsonek beste pertsona baten laguntzarik gabe gidatzeko aukera izateko helburuarekin hasi ziren 2004an lehenbiziko urratsak egiten.
Proiektuak, neurri handi batean, ibilgailu erabat autonomo bat garatzeko azken hamarkada hauetan baliatu den teknologia du oinarri. Baina, oraingoan, bada berritasunik: urrats eta lan guztiak gidatzen (eta probatzen) itsuak ere ari dira zuzenean, proiektua benetan bideragarria ote den egiaztatzeko modurik eraginkorrena horixe delakoan.
Interfaze ez-bisuala
Bisuala ez den interfaze batez hornitutako ibilgailu bat garatu nahi dute. “Baina gure xedea teknologia bat sortzea baino harago doa —aipatu dute NFBeko kideek —. Aldez aurretik bakarrik ezin egingo genituzkeen gauzak egin ahal izateko irudimena ere suspertu nahi izan dugu, horrek teknologia ez-bisualaren berrikuntzaren bidea asmatu eta zehazteko berebiziko garrantzia du eta”.
Eskuen artean darabiltzaten prototipoak 2011rako prest izan nahi dituztela jakinarazi dute. Ford Escape hibridoak hartu dituzte oinarri. Zehazki, dunak zeharkatzeko erabiltzen diren buggy bat hartu eta ibilgailu erdiautonomo bihurtu dute, sentsore eta laser-gailuz hornituta.
Proiektua aurrera aterako balitz, ikusteko arazoak dituztenek era autonomoan gidatzeko aukera izan lezakete etorkizunean. (Argazkia: KRB ) .
Zeharkatu beharreko lur-eremua aldez aurretik aztertu ostean, ordenagailu batek informazio hori prozesatzen du, eta gidariari egin beharreko maniobren berri ematen dio, audifono batzuen bitartez. Laser-sentsoreek saihestu beharreko oztopoak zeintzuk diren zehazten duten bitartean, bibrazio-mekanismo batek jakinarazten die, adibidez, autoa noiz azeleratu eta noiz galgatu behar duten. Horretarako, ikusmen-arazoak dituzten gidariek txaleko bibratzaile bat daramate soinean, baita eskularru berezi batzuk ere. Abiadura eta norabide egokia zein den eta autoa noiz geldiarazi behar duten jakin dezakete.
NFBeko kideek diotenez, azken helburua ez da itsuak eroango dituen auto bat sortzea; “beharrezkoa duen teknologiaz (alegia, sistema elektronikoz eta erantzuteko gai diren sistemez) hornitutako ibilgailu bat garatzea izan dugu xede, gidatzen doazen uneetan ikusteko arazoak dituztenek euren erabaki propioak hartzeko aukera izan dezaten, hain justu”. Horregatik diote nolabait auto autonomoak “beste maila batera” eramatea dela orain eskuen artean duten proiektuaren funtsa.
Gidatzeko, interfaze ez-bisual bat aplikatu dute ikertzaileek. Egin beharreko maniobren berri emateko, ahotsa eta bibrazio-mekanismoak baliatzen dira, besteak beste. Txaleko bibratzaile bat eta eskularru bereziak eraman behar dituzte soinean. (Argazkia: NFB ) .
Orain arte utopia bat zena errealitate bihurtzeko, ez omen da denbora askorik beharko. Prozesua uste bezain ongi joanez gero, 2011ko urtarrilean bertan aurkeztuko dute ibilgailu berritzailea, Floridako Daytona Beacheko automobil-zirkuituan. Hilabete batzuk beranduago, maiatza partean ziurrenik, Baltimoretik Orlandorainoko bira bat egitea ere aurreikusten dute proiektuaren sustatzaileek.
NFBeko kideek diotenez, “ikusmen-arazoak ditugunoi gizarte honetan egiaz integratzea galarazten diguten estereotipo eta uste oker ugarirekin amaitzen lagunduko luke erakustaldiak, itsuek beste guztiek bezalako gaitasunak baditugula ikusiko bailuke publikoak. Horretarako behar dugun informazioa eskuratzea izaten da gure erronka bakarra”.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia