}

Itsuen begiek ere ‘ikusten’ dute

2001/05/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nature aldizkariaren web gunean argitaratu denez, saguekin egindako ikerketa baten arabera, ugaztunen begietan dagoen pigmentu bati esker argi-itzalekin erlazionatuta dauden funtzioak erregulatzen dira.

Londresko Medikuntza Fakultate Inperialeko neurozientzilari Russel Fosterren ustez, pigmentu hori argiarekiko sentikorra da; horrela, sagu itsuak ere eguna eta gaua bereizteko gai dira eta argi-mailarekin erlazionatutako funtzioak eta jokaerak gordetzen dituzte, hala nola, erritmo zirkadianoa edo jateko orduak.

Beste ikertzaile batzuek lortutako emaitzek ere uste hori baieztatzen dute. Izan ere, argitasun-aldaketak antzematea bakarrik erretinako konoen eta makilen menpe egongo balitz, gauaren iluntasuna urratzen duen tximista bat nahikoa litzateke gorputzeko ordularia berrezartzeko.

Fosterrek kono eta makilarik gabeko genetikoki eraldatutako saguekin egin du bere lana eta hainbat jokabide-eredu, ustez ikus-sistemaren menpe zeudenak, gordetzen dituztela frogatu zuen.

Unibertsitate bereko Robert Lucas zientzialariak, ikustearekin erlazionatuta ez dagoen sistema horren mekanismoa aztertzeko, sagu berdinak erabili ditu. Argi distiratsuaren eraginez, sagu itsuen begi-niniak txikitu egiten zirela egiaztatu ondoren, argiaren zein uhin-luzeratara ziren sentikorrenak aztertu zuen. Sentikortasun handiena 479 nm-tan erakusten zuela ikusi zuen, hau da, kono eta bastoiek erakusten duten sentikortasunetik oso uhin-luzera desberdinean.

Pigmentu horri OP 479 deitu diote eta beste ugaztunetan ere badagoela ikusi dute. Argiaren eraginez nola funtzionatzen duen jakinez gero, beren ordulari biologikoa kontrolatu ezin duten gaixoei laguntzeko pausoak eman daitezke. Hain zuzen ere, argitasunak gizakien aldartean eta jokaeran eragiten du. Adibidez, lantegietan, argitasun handia egoteak produktibitatea igoarazten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia