Itsasontziak eta ingurumena batera babesteko asmakizuna
2002/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kargarik gabe doazen itsasontziek lasta-tankeak urez betetzen dituzte, pisua irabazi eta egonkortzeko. Ura porturatzean askatzen dute eta, urarekin batera, makina bat bizidun ere bai. Espezie arrotzek arazo ekologiko handiak sortzen dituzte eta bidaia luzeak egiten dituzten ontziei lasta-ura porturatu aurretik aldatzeko eskatzen zaie. Baina gutxik egiten dute, denbora behar delako eta ontzia ezegonkortu daitekeelako.
Arazo ekologikoei erreparatu gabe, ingeniari japoniarrek lasta-tankeetako herdoilari aurre egiteko metodo bat proposatu dute: urari nitrogenoa gehitzea. Ura nitrogenoz aberastea erraza eta merkea da, eta emaitza onak eman ditu. Kasualitatez, metodo horrek poluzio ekologikoa eragozteko balio du, oxigenorik gabe espezie gehienak hil egiten direlako.
Kaliforniako Monterry badiako Aquarium-eko biologo batek tratamendu horrek hiru itsas animaliatan duen eragina aztertu du. Zehazki Estatu Batuetan inbaditzaile bihurtu diren karramarro, muskuilu eta zizare batzuen larbak bizpahiru egunetan hiltzen zirela ikusi du. Itsas bidaiek asteak irauten dituztenez, aski. Bakterioentzat ez du balio, baina hasiera da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia