Itsasoko mikroorganismoen mapa
2010/03/02 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Mikroorganismoen banaketari eta ozeanoetako nitrogenoaren finkapenean duten eraginari buruzko bi lan argitaratu dituzte Science aldizkarian.Ozeanoetako ekoizle nagusiak dira mikroorganismoak, eta haien jarduera biologikoak nabarmen eragiten du Lurreko prozesu geokimikoetan.
Lanetako batean, mikroorganismo-kopurua, ozeanoetan, Lurreko latitudearen arabera nola aldatzen den aztertu dute MIT-eko zenbait ikertzailek. Horretarako, itsasoko zirkulazioaren eredu bat garatu dute. Fitoplanktonaren populazioen dinamika aurreikusten du eredu horrek. Ikertzaileek ikusi dute mikroorganismo horien espezie gehiago daudela eskualde tropikaletan poloetan baino.
Eredu horrek mikroorganismoen banaketari buruzko informazio argia eskaintzen du: fitoplankton-espezie gehienak latitude ertainetan daude; latitude handietan, berriz, espezie gutxiago bizi dira, baina indibiduo gehiago.
Bigarren lanean, Ozeano Pazifikoko mikroorganismoek taldean nitrogenoa nola finkatzen duten aztertu dute AEBko Kalifornia Unibertsitateko zenbait ikertzailek. Izan ere, nitrogenoaren finkapena handia denean, karbonoaren harrapaketa gertatzen da.
Trichodesmium itsasoko ohiko nitrogeno finkatzaileaz gain, ozeano zabalean etengabe nitrogenoa finkatzen duten zelulabakarreko zianobakterioen bi talde nagusi identifikatu dituzte ikertzaileek: UCYN-A eta Crocosphaera watsonii. Datu berri horiek ereduetan txerta daitezke, eta, ondorioz, ozeanoetan finkatzen den nitrogenoaren datu zehatzagoak lor litezke; baita karbonoaren harrapaketari buruzko datuak ere.Irudia: Oliver Jahn, Chris Hill, Stephanie Dutkiewicz, Mick Folllows (MIT) eta ECCO2 proiektua (NASA).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia