Itsasoko haize-parkeak: aurkera interesgarriak
1999/11/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elhuyar aldizkarian behin baino gehiagotan jorratu da haize-energiaren gaia. Iazko uztaileko zenbakian (133-134 zenbakian) adibidez, haize-energiari buruzko dossierra argitaratu zen. Modako gaia da, zalantzarik gabe. Baina geure inguruan eraiki diren eta eraikitzen ari diren haize-parkeen kokapena dela-eta sortzen den inpaktua ere eztabaida-iturri gertatu da. Izan ere, ekologistek, naturazaleek eta mendizaleek haize-parkeek eragingo duten mendialdeetako inguruaren eraldaketa fisikoa —ikusizko inpaktua— salatu dute. Bestalde, energia eolikoaren onurak ez dira zalantzan jartzen.
Europan haize-energiaren arloan puntan dabiltzan estatuetan azken urteotan finkatzen ari den joera parke eolikoak itsasoan kokatzearen aldekoa da. Horri buruzko azterketak eta ikerketa aplikatuak 1980ko hamarkadan hasi ziren Europan, Danimarkan eta Herbehereetan hain zuzen, batez ere bi herrialde horietako itsasoetan haize ona dagoelako, biak lur-hedaduraz txikiak direlako, populazio-dentsitate aski handia dutelako eta lehorrean haize-parkeak jartzeko toki egoki asko ere ez dutelako.
Itsasoko haizearen ezaugarriak
Itsaso eta aintziretako azala oso laua da (haizearen abiadura konstantea denean bederen) eta, jakina, han haizeak oztopo gutxi ditu. Beraz, haizearen abiadura altueraren arabera ez da ia aldatuko. Lehorrean, ordea, haizearen abiadura txikiagoa da zoruaren ondoan gorago baino, orografiak eta zoruaren gorabeherek haizearentzat oztopo baitira. Hortaz, haize-turbinen ardatza beherago jarri ahal izango da itsasoan lehorrean baino eta, ondorioz, dorreak merkeagoak izango dira (lehorrean haize-turbinen dorreen altuera errotorearen diametroaren tamainakoa edo handixeagoa izaten da; itsasoan berriz, dorrearen altuera errotorearen diametroaren hiru laurdenekoa izatea aski dela jotzen da).
Itsasoan haizeak lehorrean baino turbulentzia txikiagoa du. Zergatik? Itsasoaren gaineko atmosferan altueraren araberako tenperatura-aldaketa lehorrean baino txikiagoa delako. Eguzkiaren argia hainbat metro barneratzen da itsasoan; lehorrean ordea, eguzki-erradiazioak lurzoruaren gaineko geruza baino ez du berotzen eta geruza hori asko berotzen da. Horren ondorioz azalaren eta airearen arteko tenperatura-diferentzia txikiagoa da itsasoaren gainean lurzoruaren gainean baino eta, hortaz, itsasoan haizeak turbulentzia gutxiago du. Beraz, itsasoan ezarritako haize-turbinak bizitza luzeagoa izango du, atal mekanikoek esfortzu txikiagoak jasan behar dituztelako.
Denak ez dira abantailak, jakina. Eraikitze-kostuak askoz handiagoak dira itsasoan lehorrean baino eta diseinu eta teknologia aurreratuagoak behar dira itsas bisutsak eragiten duen korrosiotik babesteko, baita kontrol-ekipo hobeak ere mantenimendu-lanak murrizteko. Goi-tentsioko kableak lehorreraino eraman behar dira eta horrek ere garestitzen du instalazioa. Nolanahi ere, gaur egungo joeren arabera, badirudi itsasoko haize-parkeetan turbina handiak erabiliko direla, multimegawatt-eko turbina deituak, 2 MW-eko potentziakoak edo handiagoak agian (lehorrean ezartzen ari diren turbinak 500-600 kW-eko potentziakoak izaten dira, dorreak 30-50 m bitartekoak eta hegalen luzera 12 eta 25 m ingurukoa izan ohi da. Itsasoan berriz, 60 m luzeko dorreetan 35 m luzeko hegalak dituzten 2.000 kW-eko turbinak instalatu nahi dira). Turbina handiak erabiltzeko arrazoi nagusia zimenduen eta instalazioaren kostuak murriztea da, multimegawatt-eko turbinak erabilita turbina gutxiago beharko baitira nahi den potentzialortzeko.
Gainera, kostuak berehala jaitsiko dira instalazioak ugaritu eta teknologia hobetu ahala. Horixe gertatzen ari da lehorreko parkeetan. Adibidez, Danimarkan parke eoliko handietan energia elektrikoaren kostua kWh-ko 14,8 pta.-koa (0,6 liberakoa) zen 1994an eta 8,9 pta.-ra (0,36 liberara) jaitsi da 1997an. Hortaz, 3 urteko epean % 40 murriztu da kostua eta dagoeneko erregai fosilen bidezko energia elektrikoaren kostuaren pare dago.
Dinamarka
Haize-energiaren ikerketan munduko liderra. Berak eraiki ditu munduko lehenengo bi itsas parkeak.
- Lehenengoa, Vindeby-koa, 1991n eraiki zen: 450 kW-eko 11 turbinaz osatuta dago eta Lolland irlako kostaldetik 1,5 eta 3 km bitartean kokatuta dago, 2-5 m-ko sakonerako uretan. 12.000 MWh-ko energia elektrikoa ekoizten du urtean.
- Tuno Knob-eko itsas parkea 1995ean eraiki zen: 500 kW-eko 10 turbinaz osatuta dago eta Kattegat itsasoan dago, kostaldetik 6 km-ra, 3-5 m-ko sakonerako uretan. Danimarkako konpainia elektrikoek hurrengo urteotan 4.000 MW-eko potentzia instalatu nahi dute itsasoko haize-parkeetan eta horien bidez urtean 13,5 TWh-ko elektrizitatea ekoitziko dutela uste dute, hau da, Danimarkako kontsumo elektrikoaren % 40. Danimarkako gobernuaren azken helburua, haize-energiari eta beste zenbait neurriri esker, 2030. urterako CO2-aren emisioak erdira murriztea da.
Hebehereak
Gobernuaren helburua energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta, horri esker, 2020. urterako erregai fosilen kontsumoa % 10 murriztea da. Horretarako 3.000 MW-eko potentzia instalatua behar da haize-parkeetan 2020.erako. Herbehereetan lehorreko haize-parkeak ezartzeko toki gutxi dagoenez, irtenbidea itsasoko haize-parkeetan bilatzen ari dira. Izan ere, gobernuak 2020. urterako itsasoko haize-parkeetan 1.500 MW-eko potentzia instalatua izatea aurreikusi du.
Gaur egun Herbehereek Ijsselmeer barne-itsasoan bi haize-parke dituzte: bata Dronten-en, 11,4 MW-ekoa (600 kW-eko 19 turbinaz osatua); bestea Lely-n, 2 MW-ekoa (500 kW-eko 4 turbinaz osatua). Gainera, Ipar itsasoko kostaldean 100 MW-eko bi parke eraikitzeko proiektua dago.
Suedia
1970eko hamarkadan hasi zen Suedia bere kostalde luzeko haize-energiaren potentziala aztertzen eta 17 itsasgune identifikatu zituen haize-parkeak eraikitzeko. Haietatik urtean 22,5 TWh-ko energia elektrikoa ekoitz zitekeela ondorioztatu zen. Suediak epe luzean energia nuklearra energia berriztagarriez ordeztu nahi du eta horretarako planak prestatzen dihardu. Gaur egun itsasoan haize-parke bat du, Nasudden-en —Gotland ondoan— 1997an eraikia kostaldetik 4 km-ra. 2,5 MW-eko potentzia du (500 kW-eko 5 turbinaz osatua).
Erresuma batua
1992an Erresuma Batuak 2,7 MW-eko haize-parke semiitsastar bat eraiki zuen Blyth Harbour-en dagoen olatu-horma baten gainean. Eta toki berean, Blyth-en, bukatzen ari da aurten 1,5 MW-eko parke bat. Oraingoan parkea itsasoan egongo da erabat; turbinak (750 kW-eko bi turbina) 8 m-ko sakonerako uretan egongo dira. Gainera, beste bi parke eraikitzea proposatu da, bat Scroby Sands-en eta bestea Gunfleet Bank-en. Bien artean 65 MW-eko potentzia izango lukete.
Ingurugiroaren gaineko inpaktua
Uretan bizi diren arrain, molusku eta krustazeoen gainean, edo erruntoki eta arrain-haztegietan horrelako egiturek nola eragiten dute? Danimarkako Vindeby-ko parkean egin diren ikerketek erakutsi dutenez, itsas hondoan euskarritutako egiturek arrezife artifizial moduan jokatu dute eta kolonizazio biologikoarentzako espazio berriak izan dira. Ondorioz, tokiko flora eta fauna, arrainak, muskuiluak, etab. ugaritu egin dira.
Hegazti-populazioen gaineko eraginak zerikusi handia du parkearen kokalekuarekin. Hegaztien migrazio-bideak saihestu egin behar dira, jakina. Hegaztien hegaldien altuerak ere zerikusi handia du: espezie batzuk itsasoaren azalaren ondo-ondotik iragaiten dira; beste espezie batzuk, ordea, 300 m-tik gora ibiltzen dira. Ikerketek erakutsi dute hegaztien gaineko inpakturik handiena eguraldi txarra dagoenean eta gutxi ikusten denean gertatzen dela, baina inpaktu hori nabarmen murritz daitekeela hegaldien ibilbideak eta alturak kontuan hartuz eta espezie sentikorrak identifikatuz gero. Bestalde, Danimarkako Tuno Knob-eko itsas parkean egindako ikerketek tokiko hegazti-populazioetan parkeak ez duela eraginik frogatu dute.
Parke eolikoek zarata ere sortzen dute, jakina. Baina itsas parkeak kostaldetik kilometro batzuetara kokatzekoak dira eta distantzia horretara zarata ez da entzuten. Bestalde, Danimarkako parke batean haize-turbinen zimenduen bibrazioak uretan nola transmititzen diren aztertu da, inguruko itsas ugaztunen jokaeran eragiten ote zuen jakitearren, baina ez da inolako efekturik aurkitu.
Kontuan hartu beharreko beste puntu bat ikusizko inpaktua da. Hainbat faktorek eragiten dute ikusizko inpaktuan: kostalderainoko distantzia, turbina-kopurua, kostaldeko paisaiaren ezaugarriak eta paisaiaren erabilera hartu behar dira kontuan. Horri buruzko azterketak egin dira Danimarkan eta Herbehereetan. Kokapena oso ondo aztertu behar da eta inguruko populazioaren iritzia eskatu behar da ezer erabaki aurretik. Arrantzaren gainean izan lezakeen eragina ere aztertu beharrekoa da. Eragina neurtzeko tokiko arrain-espezieak, arrain-dentsitateak eta tokiko arrantza-teknikak hartu behar dira kontuan. Danimarkako itsas parke batean egindako azterketek inpaktua badagoela, baina txikia dela, erakutsi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia