Itsasoaren zero maila... badago horrelakorik?
2009/05/02 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Egia esan, ez. Mundu osoko herrien, mendien, lautaden eta, oro har, orografia-gorabehera guztien altitudea zehazteko erreferentzia-sistema bakarra erabiliko bagenu, ikusiko genuke aipatutako hirien altitudeek beste balio bat izango luketela. Zergatik da, orduan, bera guztien altitude ofiziala? Bada, ez dagoelako mundu mailan erabiltzen den erreferentzia-punturik. Herrialde bakoitzak bere aldetik erabaki du zein puntu erabili erreferentzia gisa, eta horren arabera zehaztu ditu bere altitude guztiak. Eta herri batetik bestera zenbait metroko aldea dago.
Hori bai, herrialde guztiek itsasoaren maila oinarri hartuta zehaztu dute beren erreferentzia-puntua. Izan ere, itsasoak altitude gutxieneko eremuetan daude, eta oso ideia ona da, berez, itsasoa erabiltzea zero maila zehazteko irizpide gisa.
Ideia ona den hori ezin hobea litzateke Ilargirik ez balego eta Lurra mugituko ez balitz, egoera horretan itsasoa orekan egongo litzateke eta, geldirik. Baina Lurraren inguruan Ilargia dabil, eta Lurra bera mugitu egiten da, bere ardatzaren inguruan nahiz Eguzkiaren inguruan. Gainera, Lurraren barrenak ere mugitu egiten dira, plaken tektonika dela eta ez dela... eta, noski, horrek guztiak dantzan jartzen du itsasoko ura.
Hala ere, erreferentzia gisa itsasoaren maila erabiltzearen ideiari eutsi izan zaio, eta horren arabera zehaztu dituzte altitudeak. Hori bai, itsasoaren mugimenduekin nola jokatu, herrialde bakoitzaren erabakia izan zen. Herri batzuek marea baxueneko puntuan jarri zuten zeroa, Belgikan, adibidez. Beste batzuek itsasoak itsasgoran duen altitudean, Herbehereek, esaterako, eta, beste batzuetan, itsasgoraren eta itsasbeheraren batezbestekoa hartu dute itsasoaren zero maila gisa.
Jakina, horrek hainbat egoera “bitxi†eragin ditu bi herrialderen artean lanak egin behar izan dituztenean edo erabakiak hartu behar izan dituztenean. Adibidez, horrelako egoera bat bizi izan zuten Portugalek eta Espainiak. Guadiana ibaian zubi bat egin nahi zuten, Huelvako Ayamonte herriaren eta Portugalgo Castro Marim herriaren artean. Zubia diseinatu zutenean, neurketa bereziak egin behar izan zituzten, ohartu baitziren altitudeak berdindu ezean zubiak koska bat izango zuela alde batetik eta bestetik zetozen aldeak elkartuko ziren puntuan.
Izan ere, Portugalek Lisboan du erreferentzia-sistema, eta Espainiak Alacanten. Zehazki, Alacanteko udaletxeko sarrerako eskaileren hirugarren mailan. Brontzezko disko batek adierazten du zein den itsasoaren zero maila.
Bateratu beharra
Horrelako arazoak saihesteko, oso komenigarria ikusten dute hainbat herrialdetako adituek itsasoaren zero maila bateratzea. Eta saioak egin, egiten dira. Europan, esaterako, 1989tik dabiltza herrialde bakoitzaren erreferentziak alde batera utzi, eta erreferentzia bakarra adostu nahian. Baina oraindik ez dute lortu.
Arazo handiena da jakitea zer metodoren bidez zehaztu altitudea. Gauza erraza dirudi zuhaitz baten altuera, edo etxe batena, kalkulatu nahi dugunean, baina askoz zailagoa da munduaren tamainako eskalan. Azken batean, altuera gainazal batetik gora, bertikalki, neurtutako distantzia da. Nola definitu, ordea, gainazal hori? Hortxe dago koska! Horretan ari dira adituak, eta sateliteak erabiltzen ari dira altitudea, hainbeste eta hainbeste erabiltzen dugun magnitudea, behingoz zehazteko.
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia