}

Itsasoa zakarrontzi handi bat da

2001/07/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aurtengo neguan Bretainian, Ipar Itsasoan eta Galapagoen inguruan gertatuko petrolio eta estireno isurketek itsasoko poluzioaz ohartarazteko balio izango zuten, baina ez gauzak aldatzeko. Uda hurbildu eta jendea hondartzara joaten hasi denean, hondartzak garbitzen dituzten arren, nahi baino zikin gehiago ikusten da itsasbazterrean.

Uda hurbildu ahala konturatzen gara itsasoan dagoen zikinkeriaz, baina gehiegi jabetu gabe. Izan ere, itsasertzean paseatzean plastikozko botilak, zapata zaharrak, egur zatiak, etab. ikusten baditugu ere, hori ez da ia ezertxo ere itsasoko poluzio guztiarekin alderatuta. Gainera, itsas zabalean zikinkeria "apur" horrek eraginik ez duela pentsatzen da, baina iritzi hori guztiz okerra da.

Sareak arrantzarako erabiltzea ohikoa bada ere, askotan itsasoan galdu eta edozein animalia gelditzen da hor harrapatuta.

Itsasoko ekosistemek jasaten dituzten eraginak bost eratakoak dira. Lehenik, itsasoa gehiegi, eta, gainera, gero eta gehiago, ustiatzen da. 1995etik, harrapaketa kopurua bost aldiz handitu da, eta biztanle bakoitzak jaten duen animalia-proteinaren % 16a itsasotik ateratzen da. Erabiltzen den petrolioaren % 26a ere itsasotik ateratzen da. Beste eraginak espezieak sartzeak, habitaten murrizketak eta era guztietako poluzioak dira. Azken horiei buruz Aquariumean Juantxo Lopez de Uralde, Greenpeace-ko Espainiako zuzendariak eskaini zuen hitzaldian hainbat gauza argitu eta egoeraren tamala ere argi gelditu zen. Bere hitzetan, "bi poluitzaile talde desberdin daitezke: substantzia naturalak eta substantzia artifizial edo kimikoak". Hondakin horiek ezaugarri eta jatorri desberdinak dituztenez, sortzen dituzten desorekak ere askotarikoak izaten dira, nahiz eta, azken finean, fauna eta floraren heriotza eragiten duten bai batzuek eta bai besteek.

Hondakin organikoak

Juantxo Lopez de Uralderen hitzetan, "substantzia naturalak gehienbat ur zikinetan jaurtitzen ditugu itsasora, eta kontzentrazio normaletan naturak hondakinok asimilatzeko gaitasuna badu ere, kontzentrazio handiegiek desoreka sortzen dute ekosistemetan".

Hondakin organikoek nitrogeno eta fosforo maila handia izaten dutelako sortzen dituzte desorekak. Izan ere, nitrogeno eta fosforo asko dagoenean, planktona neurri gabe ugaltzen da harik eta oxigenorik gabe gelditu arte. Noski, oxigeno eskasiaz planktona ez ezik gainerako fauna guztia ere itotzen da. Gainera, planktona ugaritzean eguzki-izpien argitasuna ez da itsas hondoraino heltzen eta, ondorioz, landaredia hil egiten da. Erreakzio horri eutrofizazio deitzen zaio.

Hondakin sintetikoak

Substantzia sintetikoak zakarrak (% 90 plastikozkoak), metal astunak eta poluitzaile organiko iraunkorrak dira, horien artean hidrokarburoak, DDTa bezalako pestizida ezagunak, lindanoa, errausketetan sortzen diren dioxinak, etab. Naturak ez dauka hondakin sintetikoak degradatzeko mekanismorik, eta, horregatik, naturak denbora asko behar izaten du berriz ere bere onera itzultzeko. Hondakin kimikoen jatorri nagusia industria da. Eremu industrialak ibai eta portu inguruetan daude, eta jaurtitzen dituzten hondakinak kontzentrazio handikoak izan ohi dira. Ongi gogoratzen dugunez, industriek Doñanakoa bezalako adibide lazgarriak utzi dituzte. Industriez gain, portuetako jarduerek ere hondakin andana bat sortzen dute, itsasontzietako olio-aldaketak eta era guztietako mantentze-lanak, maiz, axolagabe egiten baitira.

Halaber, portuetako lurzorua dragatzean ere ikaragarrizko kalteak egiten dira. Izan ere, dragatzen den lurra mila batzuk urrunago jaurtitzen da, eta, horrela, esekitako substantzien kopuruak gora egitearekin batera poluitzaile ugariko lurrak direnez, beste ekosistema bat poluitzen da.

Itsasoan gelditzen den edozein makilatxo hilgarria izan daiteke animalientzat.

Azkenik, ezin alde batera utziko ditugu alde batetik bestera dabiltzan 27.000 itsasontziak. Itsasontzi horiek sortzen dituzte ohiko poluzioak, zakarrak, itsasontzia garbitzean jaurtitzen diren produktuak eta TBTz eginiko pinturak dira. Pintura horiek galarazi egiten dute itsasontziaren kanpoaldean mikroorganismoak eta algak ugaltzea, eta, beraz, inguruetan ere ez da planktonik ugaltzen. Ohikoez gain, aurtengo neguan ikusi ditugun adibide triste horiek bezala, istripu-poluzioak ere gertatzen dira. Gehienetan petrolioa izaten da isurtzen dena, baina Ievoli Sun-en kasuan estirenoa jaurti zen bezala, beste produktu kimiko batzuk ere jaurti izan dira. Istripu horien bidez jaurtitzen den petrolioa itsasoratzen denaren % 12 da.

Inor harritzen ez badu ere, Juantxo Lopez de Uraldek azpimarratu egiten du hondakin guzti horiek ondorio larriak dituztela itsasoko fauna eta floran. Metal astunak, adibidez, gantz-ehunetan metatzen dira, eta kate trofikoan aurrera egin ahala kontzentrazioak handitu egiten dira. Metalek anomaliak edo tumore eta minbiziak eragiten dituzte animalien organo sexualetan.

Gizakiok ibaiertzetan botatako edo hondartzan utzitako zikinkeriek ere ondorio asko izaten dituzte animaliengan. Animalia asko ito egiten dira makrohondakinen ondorioz, beste batzuk sareetan harrapatuta mugitu ezinik edo defentsarik gabe gelditzen dira, edo plastiko zatiak irentsita hil egiten dira.

Azkenik, petrolio, olio edo edozein produktu kimikoren eraginak ere ez dira goxoagoak izaten. Petrolioz betetako txorien irudiak nahikoa dira baldintza txarretan egiten diren garraioen ondorio mingarriak ikusteko. Dena dela, istripu horiek mementokoa eta epe luzeko ondorioak dituzte, eta nahiz eta arduradunak egoera kontrolpean dutela sinetsarazi nahi izaten duten, naturak 10-15 urte behar izaten ditu horrelako isurketei buelta emateko.

Mundu mailako irtenbideak

Gune industrializatuak, istripuak eta isurketak gertatu diren lekuak... toki horiek poluituak egotea ez da harritzekoa. Baina itsasoan eta atmosferan mugimendu eta korronte ugari daude, eta, horien bidez, poluzioa alde batetik bestera, muga guztiak gaindituz mugitzen da. Hondakin astunak itsasoko korronteen bidez mugitzen dira eta gasak, berriz, distilazio deritzon mekanismoari esker. Lehenik, atmosferara igo, han alde batetik bestera mugitu eta, ondoren, hauspeatu egiten dira.

Udan hondartzak garbitzen dituzte, baina, hala ere, nonahi ikusten dira hondakinak.

Horregatik, itxuraz poluitu gabeak diruditen lekuak ere poluituak daude, eta, adibidez, nahiz Artikoan industriarik ez egon, bertako hartzen organo sexualetan anomaliak ikusten dira metal astunengatik.

Arazoa, beraz, mundu mailakoa da eta irtenbidea ere nazioarteko elkarlana bultzatuz lortuko dela uste da. Juantxo Lopez de Uralderen hitzetan "irtenbidea nazioarteko akordioekin lortuko da, eta hori 30 urteko esperientziak erakutsi digu. Adibidez, berundun gasolina debekatu den neurrian lortu da atmosferako berun-kontzentrazioa txikiagotzea. Horrelako adibideak aintzat hartuz, diluzio kontzeptua alde batera utzi eta hondakin gabeko ekoizpenak bultzatzeko garaia da".

Adibide praktikoak jartzearren, portuak hondakinak jasotzeko ekipatu eta hirietako ur zikin guztiak arazteko legediak lehenbailehen aplikatu behar dira. Itsasontzien istripuak gutxitzeko, berriz, irtenbide bakarra dago: itsasontzien segurtasun-neurriak indartu".

Hondartzetako zikinak

Hondartzetako denboraldia aspaldi hasi zen, eta eguraldi ona den egunetan hondartzak jendez lepo egoten dira. Hori bai, Eguzkia altxa orduko, hondartza txukun-txukun uzteko asmoarekin, itsasoak harean utzitako zikinkeriak biltzeari ekiten diote garbitzaileek. Eta ez dute lan makala izaten!

IFREMERek (Itsasoko Ikerketarako Institutu Frantsesa) eginiko txosten baten arabera, egunean pertsona batek litro bat hondakin sortzen du. Hondakin horiek janaria, zigarropuntak, egunkariak, eguzkitarako kremak eta jantziak izan ohi dira, eta zuzenean zakarrontzira botatzen ez badira, harea azpian ezkutatuta pilatzen dira.

Hondartzetan dabiltzanek botatzen dituzten zakarrez gain, ibaietara botatzen diren eta itsasbazterrean kokatutako zabortegietatik erortzen diren zakarrek ere itsasbazterrean amai dezakete. Zabortegi horietan garbigailutik hasi eta olioa bitarteko mota guztietako zaborrak metatu ohi dira. Kasu larrienetan, itsasoak, denboraren poderioz, higadurak sortu eta, azkenean, zikin guztia itsasora erortzen da. Azken adibide tamalgarria, 1996an, Bens-eko (La Coruña) zabortegia itsasora erori zenean ikusi ahal izan zen.

Hondartzatik, zabortegietatik edo ibaietatik iritsita, Bizkaiko Golkoan, 0-200 metroko sakoneran, 50 milioi objektu daude!, eta Ipar Itsasoan 70.000 m 3 zakar jaurtitzen da itsasontzietatik! Hondakin horien kopurua ez da hutsaren hurrena, eta, aurrerantzean, hondartzara joandakoan kontuan izan zikinkeria norberak utzitakoarekin hasten dela.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia