}

Itsasoa gorriz tindatzen denean...

2003/01/01 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Marea beltza ez da itsasoa kaltetzen duen koloredun marea bakarra. Marea gorria ere kaltegarria da itsasoko biziarentzat, nahiz eta fenomeno naturala izan.

Marea gorria alga mikroskopiko batzuen lana da; fitoplanktonarena, hain zuzen. Ozeano guztietan daude izaki horiek eta, tamaina txikia duten arren, izugarrizko garrantzia dute ozeanoetako ekosistemetan.

Fitoplanktona osatzen duten algen jardunari esker, uretako animalia guztientzat elikagai nahikoa sortzen da. Beraz, ozeanoetako biziaren erantzule zuzenak dira; fitoplanktonik gabe, arrainik ez.

Fitoplanktona osatzen duten izaki bizidunen ezaugarri nagusiak hiru dira: zelulabakarrak dira, flotatu egiten dute eta fotosintesiaren bidez lortzen dute bizitzeko beharrezko energia. Taldea oso zabala da, eta oraindik ere asko dago ikertzeke. Mikroskopioarekin ere ozta-ozta ikus daitezkeen espezieak daude eta adituek oraindik ez dakite horietako askok zein funtzio betetzen duten ekosistema barruan.

Beste izaki askorekin gertatzen den moduan, gizakiari zuzenean eragiten dioten espezieak aztertu dira gehien. Azken finean, alga horiek ekosistema urtarren oinarrizko elikagaia dira, horien populazioen bariazioak zuzenean eragiten du arrainen populazioan, eta horrek, jakina, eragina du gizakian.

Baina, zer da marea gorria?

Mikroorganismoak dentsitate handietan hazten direnean satelite bidez ere ikus daitezke.
NASA

Hasteko, esan beharra dago fenomenoa gaizki izendatua dagoela, ez baitu mareekin inolako zerikusirik eta ez baita beti gorria izaten. Dena den, fenomenoaren aldaera guztiek jatorri bera dute: alga-espezie mikroskopiko baten populazioa bat-batean izugarri hazten da.

Batzuetan, egun batetik bestera, itsasoko edo lakuetako ura kolorez aldatzen da eta usain txarra izaten du. Beste batzuetan, kolorerik aldatzen ez den arren, arrain-piloa hilik agertzen da uretan edo kostaldeko itsaskiak jatea guztiz debekatzen da.

Fenomenoa prozesu natural baten muturreko egoera besterik ez da. Fitoplanktonaren bat-bateko populazio-hazkuntzak urtero gertatzen dira, ziklikoak dira, eta horiek gabe ez litzateke bizirik egongo itsasoan eta lakuetan. Fenomenoari bloom esaten zaio ingelesez, zuzenean itzuliz gero, loraldia. Udaberriro, uretako fitoplankton-kantitatea asko igotzen da, eta, horri esker ur-ekosistemetako elika-katea martxan jartzen da.

Udaberrian, uraren tenperatura epeltzen hasten denean, goiko eta beheko ur-geruzak nahastu egiten dira. Ondorioz, ura mineralez aberasten da eta algak hazteko kondizio egokiak sortzen dira. Algak, hori aprobetxatuz, etengabe ugaldu eta hazten dira. Aldi berean, animalia urtar askoren arrautzen eklosioa gertatzen da, urte osoan baino elikagai gehiago baitago orduan.

Uda-bukaerarako, ordea, uraren goiko geruzak berotzen jarraitzen duen arren, behekoa hotz geratzen da; beraz, ez da nahasketarik gertatzen. Hori dela eta, uraren goiko geruzako mineral-kantitatea asko jaisten da eta algek ez dute hazteko nahikoa elikagai. Horri gainerako animalien harraparitza gehituz gero, algen populazioa nabarmen gutxitzen da.

Kokolitoforidoen erruz, itsasoko urak kolore zuria hartzen du.

Udazkenean, urak berriro nahastu egiten dira eta mineral gehiago agertzen da uretan. Baina ura askoz ere hotzagoa denez, udazkenean askoz fitoplankton gutxiago hazten da. Beraz, esan daiteke hazkuntza ikusgarriena udaberrian gertatzen dela.

Zikloa urtero betetzen da, bai itsasoan baita lakuetan ere. Alabaina, hasieran esan bezala, batzuetan —eta arrazoi berezirik gabe— mikroorganismo-espezie baten populazioa normala baino gehiago hazten da eta, ekosistemari onurak ekarri beharrean, gaitz egiten dio. Hori da, hain zuzen ere, marea gorria.

Fitoplanktona osatzen duten alga-talde garrantzitsuenak

  • Diatomeoak : Silizezko pareta zelular zurruna dute. Itsasoan eta ur gezan agertzen dira. Ez dute mugitzeko gaitasunik eta pareta zelularrean luzakinak txertatuz lortzen dute flotagarritasuna.
  • Dinoflagelatuak : Diatomeoak baino txikiagoak dira (10 mikrakoak ere ezagutzen dira). Pareta zelular zurruna dute eta bi flagelo. Horiei esker, uretan mugitzeko gaitasun handia dute.
  • Kokolitoforidoak : Kaltzitazko plakez babesten dute beren burua. Hogei mikrako tamaina izaten dute normalean eta zelula bakoitzak hogeita hamar plaka baino gehiago izaten ditu.
  • Zianobakterioak : bakterio fotosintetizatzaileak dira. Hauek ere oso txikiak dira baina askotan taldekatzeko joera izaten dutenez, begiz ikus daitezke. Prochlorococcus taldea munduko espezierik ugariena dela esaten dute adituek.
  • Pikoplanktona : hamar alga-klase baino gehiago sartzen dira talde honetan. Oso txikiak dira (0,2 eta 2 mikra bitartekoak) eta askotan ezin dira mikroskopioz ere ikusi. Hauek detektatzeko metodo biokimikoak erabili behar dira.

Ur gorriak, arreak eta berdeak

Marea gorri guztiak, ordea, ez dira kaltegarriak eta askotan ikusten ez direnak askoz ere arriskutsuagoak dira. Beraz, guztiak izen beraren barruan sailkatzen badira ere, mota asko daude eta bakoitzaren eragina ezberdina da.

Thalassiosira eta Chaetoceros generoetako algak.

Algek fotosintesia egiteko erabiltzen dituzten pigmentuak dira urari kolorea ematen diotenak. Zianobakterioek, adibidez, pigmentu berdeak erabiltzen dituzte; beste mikroorganismo-espezie batzuek, aldiz, pigmentu gorri edo arreak. Kolore gorria dutenak dinoflagelatuen taldeko algak izaten dira gehien batean eta arreak, berriz, krisofitak. Uraren kolorea aldatzen duten alga guztiak toxikoak ez diren arren, ur geldietan hazten badira, arazoak sor ditzakete. Alga arre batzuentzat, esaterako, badiak eta antzeko ur geldiak dira bizileku egokienak. Alga horiek dentsitate oso altuetan hazten direnean, geruza opaku bat osatzen dute ur-azalean eta ez dute ur-hondora argia pasatzen uzten. Horregatik, ur-hondoan hazten diren algek ez dute bizirauteko adina argi lortzen.

Mikroorganismoen populazio-dentsitate altuak luze irauten badu, kostaldeko gainerako algen populazioan izugarrizko eragina izan dezake eta elika-katearen ohiko martxa guztiz galarazi: hondoan bizi den alga-kopurua asko murrizten denez, zooplankton-kantitatea ere asko jaisten da eta, ondorioz, baita elika-kateko hurrengo maila guztietako animalien populazioak ere.

Lakuetan ere, kondizio egokiak suertatzen badira, fenomeno bera gertatzeko arriskua dago, baina kasu horietan erantzule nagusiak zianobakterioak dira. Zianobakterioek fotosintesia egiten duen bakterio-talde garrantzitsuena osatzen dute. Izaki horiek etengabe hazten badira, ur azalean geruza berde bat eratzen dute eta, alga arreen antzera, ez dute argirik pasatzen uzten; beraz, fotosintesia egitea galarazten dute. Gainera, zianobakterioak hiltzen hasten direnean, hondoratu eta deskonposatu egiten dira. Deskonposizio-prozesuan uretako oxigenoa kontsumitu egiten da eta gainerako bizidun urtarren biziraupena kolokan jartzen da. Horrek, noski, lakuaren dinamikan izugarrizko eragina du.

Beste mikroorganismo batzuek uraren kolorea aldatu gabe arrainak hiltzeko izugarrizko gaitasuna dute. Izaki horien bat-bateko hazkuntza gertatu dela, milaka arrain hilda agertzen direnean jakiten da. Arrainak hiltzeko ez dute toxinarik sortzen, horren ordez, zauritu egiten dituzte eta zaurien ondorioz hiltzen dira arrainak.

Arrainak hain larriki zauritzeko, mikroorganismo batzuek ez dute aktiboki ezer egiten. Beren gorputzaren diseinuak du erru guztia: uraren goiko geruzetan flotatzeko egokiak diren diseinuak izaten dituzte. Flotatzeko modurik egokienetako bat gorputzaren pisuarekiko azalera handitzea da.

Alga batzuek 'arantzak' dituzte eta, horien erruz, arrainak hiltzen dituzte.

Chaetoceros generoko algek, esaterako, silizezko pareta zelularrean txertatuta dauden orratz-itxurako luzakinak izaten dituzte azalera handitzeko. Egitura horiek erraz kateatzen dira arrainen zakatzetan eta, uretan kontzentrazio altuetan agertuz gero, izugarrizko hondamendia eragiten dute. Arrainen zakatzetan mikroorganismoak pilatzen dira, zauriak eragiten dituzte eta ezin dute ganoraz arnasa hartu. Azkenean, ito egiten dira.

Beste kasu berezi bat Pfiesteria piscicida dinoflagelatuarena da. Ez du gorpuzkera arantzatsurik eta toxinarik ere ez du ekoizten, baina arrainak hiltzeko izugarrizko ahalmena du. Zientzialariak aspalditik dabiltza izaki horren misterioa zein den asmatu nahian, baina ez da batere erraza.

Mikroorganismo horren bizi-zikloak 24 fase ditu, eta oraindik ere ez dira guztiak ezagutzen. Fase horietako batean, arrainetan zauri hilgarriak eragiten ditu. Zaurien ondorioz, arraina odolustuta hiltzen da. Hala ere, zientzialariek oraindik ez dakite nola eta zertarako eragiten dituzten zauriak.

Txikiak eta pozoitsuak

Lau mila alga zelulabakar baino gehiago ezagutzen dira eta horietatik 70-80 bakarrik dira kaltegarriak. Kaltegarrien artean, toxinak ekoizten dituzten espezie gehienak dinoflagelatuen taldekoak dira. Izaki bakoitzak ekoizten duen toxina-kontzentrazioa oso txikia da eta, gizaki bat kutsatzeko beharrezkoa den kontzentrazioa lortzeko, dinoflagelatu-kantitate oso altua irentsi behar da. Hala ere, elika-kateak ederki betetzen du pilatze-lan hori.

Izan ere, kostaldeko molusku asko iragazleak dira: itsasoko ura iragaztean harrapatzen dute beren elikagaia, uretako planktona. Fitoplanktonaren kantitatea izugarri hazten bada, animaliei ez die inolako kalterik eragiten, baina toxinak haien gorputzean pilatzen dira. Arrainetan ere toxinen kontzentrazio altuak aurki daitezke, fitoplanktona jaten duten krustazeoez elikatzen direlako.

Horregatik, itsaskiez eta arrainez elikatzen diren animalietan igartzen da toxinaren eragina, hala nola, baleetan, itsas txorietan eta, nola ez, gizakietan. Azken finean, elika-katearen azken mailan daude guztiak; toxinaren kontzentrazio altuenak jasotzen dituzten animaliak dira.

1996an, Floridako kostaldean 149 manati hil ziren algek ekoiztutako toxinen erruz.

Toxina-mota ugari daude, eta bakoitzak eragin ezberdina du gizakietan eta gainerako animalietan. Larrienek heriotza eragin dezakete, baina oso kasu gutxi gertatu dira munduan. Oraingoz, toxina horien aurkako antidotorik ezagutzen ez denez, intoxikaziorik ez gertatzeko modu bakarra toxinarekin kutsatuta dauden animaliak ez jatea da.

Beraz, hain izaki txikiak izateko, alga zelulabakar horiek duten eragina izugarrizkoa da, kontuan hartzeko modukoa. Alabaina, arazoaren irtenbidea ez da batere erraza, kasu askotan ez baita oso ongi jakiten bat-bateko hazkuntza zergatik gertatzen den.

Batzuen ustez, gizakiak uretara isurtzen dituen gehiegizko nitrogenoa eta fosfatoa dira errudun nagusiak. Isurketen ondorioz, udan egon beharko zuena baino mineral gehiago egoten da uretan eta fitoplanktonak hazten jarraitzen du berezko zikloari muzin eginez. Beste batzuen ustez, lurreko tenperatura-igoerari esker hainbat lekutan kondizio ezin hobeak daude algak ugaltzeko.

Arrazoia edozein dela ere, urtetik urtera gero eta leku gehiagotan gertatzen da fenomeno hori eta, noizbait, horri ere eman beharko zaio irtenbideren bat nola edo hala.

Alga toxikoen eraginak

Dinoflagelatuen eta diatomeoen taldeko alga batzuek toxinak sortzen dituzte eta toxina horiek hainbat sindrome eragiten dituzte gizakietan. Oraingoz bost ezagutzen dira; lehenengo lau sindromeak itsaskia janda sortzen dira, eta bosgarrena, berriz, arraina janda:

DSP ( Diarrhetic Shellfish Poisoning )

  • Espezie sortzailea: Dinophysis acuminata, D. Fortii, Prorocentrum lima dinoflagelatuak
  • Toxina: azido okadaikoa
  • Sintomak gizakietan: gehien batean sintoma gastrointestinalak, goragalea, sabeleko mina eta beherakoa.
  • Nola heltzen den gizakietara: Toxina pilatu duten itsaskiak janda.

NSP ( Neurotoxic Shellfish Poisoning )

  • Espezie sortzailea: Karenia brevis dinoflagelatua.
  • Toxina: brevetoxina
  • Sintomak gizakietan: Sintoma gastrointestinal eta neurologikoak. Aerosol toxikoak ere sortzen ditu, eta asmaren antzeko sintomak eragin.
  • Gizakietara nola heltzen den: Toxina pilatu duten itsaskiak janda.

PSP ( Paralitic Shellfish Poisoning )

  • Espezie sortzailea: Alexandrium sp., Gymnodinium catenatum dinoflagelatuak.
  • Toxina: Saxitoxina
  • Sintomak gizakietan: sintoma neurologikoak. Paralisia eta dosi handietan arnas-geldialdiak eta bihotzekoak eragin ditzake. Heriotza-arriskua.
  • Gizakietara nola heltzen den: Toxina pilatu duten itsaskiak janda.

ASP ( Amnesic Shellfish Poisoning )

  • Espezie sortzailea: Pseudo-nitzschia multiseries, P. australis, P. pungens diatomeoak.
  • Toxina: Azido domoikoa.
  • Sintomak gizakietan: Gastroenteritisa. Kasu larrienetan sintoma neurologikoak: buruko mina, amnesia, arnasteko zailtasuna eta koma. Heriotza-arriskua.
  • Gizakietara nola heltzen den: Toxina pilatu duten itsaskiak janda.

Ciguatera

  • Espezie eragilea: Gambierdiscus toxicus dinoflagelatua.
  • Toxina: ciguatotoxina eta matotoxina
  • Sintomak gizakietan: sintoma gastrointestinal, neurologiko eta kardiobaskularak.
  • Gizakietara nola heltzen den: itsaso tropikaletako arrain-espezieetan pilatzen da toxina eta horiek janda pasatzen da gizakietara.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia