}

Itsaso sakoneko dibertsitatea

2004/06/28 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nature aldizkariak AZTIko Xabier Irigoien ikertzailearen artikulu berri bat argitaratu du. Itsaso sakoneko dibertsitatea aztertu du; zehazki, algen biodibertsitatea.

Espezieen dibertsitatea

Bizidunen dibertsitatearen inguruko ikerketa gehienak lurreko izakiekin egin dira. Ikerketa horiek erakusten dutenaren arabera, askotan dibertsitaterik handiena ekoizpen ertaineko bizidunetan egoten da. Ekoizpena hartzen den energiaren eta lortzen den biomasaren arteko erlazio gisa ulertu behar da.

Baina, dibertsitatea eta ekoizpena harremanetan jartzen dituzten eredu horiek izaki bizidun txikiagoentzat ere baliagarriak ote diren edo ez zalantzan dago; adibidez, itsasoan nagusi diren bizidunen kasuan. Zenbait ikerketak dioenez, bizidun txikiek ez dituzte handien ereduak jarraitzen dibertsitateari dagokionez.

AZTIko ikertzaileak algekin –fitoplanktonarekin– egindako ikerketetan, ordea, ikusten da fitoplanktonak ekoizpen ertainarekin lortzen duela dibertsitaterik handiena.

Ondorio horretara iristeko, fitoplankton-espezieen azterketa egin du Xabier Irigoienek munduko ozeanoetatik eskuratutako 350 lagin baino gehiagorekin. Nahiz eta beste zenbait eredu agertu, dibertsitatea eta ekoizpena erlazionatzen dituen eredu unimodala da gehien agertzen dena. Eredu horretan, ekoizpena txikia denean dibertsitatea ere txikia da; ekoizpena ertaina denean, dibertsitatea altua da; eta, azkenik, ekoizpena handitzen denean, dibertsitatea berriz ere txikia da. Beraz, hiruki-itxura du ereduak.

Hori ikusita, pentsa daiteke lurreko ekologian erabiltzen diren hainbat eredu baliagarri izan daitezkeela itsasoaren ekologiarako ere.

Zergatik eredu unimodala?

Fitoplanktonaren kasuan, arrazoi ugari egon daitezke ekoizpen ertainarekin dibertsitaterik handiena lortzeko: komunitatearen historia, bizilekuen banaketa, elikagaiak edo baliabideak lortzeko lehia, lehiakideen arteko harremana, elikagaien ugaritasuna/urritasuna, algen tamaina, etab. Adibidez, kostaldean, urak aberatsak badira, produktibitatea handia izango da, baina harrapari asko ere egongo da. Ondorioz, soilik harrapariei aurre egiteko prestatuen dauden fitoplankton-espezieek iraungo dute eta dibertsitatea txikia izango da horien artean. Aldiz, urek ez badute elikagairik, produktibitatea jaitsi eta bizirik iraungo duten fitoplankton-espezieak arraroak eta urriak izango dira. Elikagaiak neurrian daudenean, orduantxe egongo da fitoplankton-dibertsitaterik handiena, hau da, produktibitatea ertaina denean.

Gainera, eredu hori are interesgarriagoa bihurtzen da zooplanktona aztertzen bada. Zooplanktona fitoplanktonaz elikatzen da, eta, Irigoienen azterketak erakusten duenez, bien dibertsitatea ez dago erlazionatuta. Hori, ez da oso ohikoa lurreko bizidunen artean, izan ere, harrapakin-dibertsitatea handia denean harrapari-mota gehiago egoten da.

Besteentzat elikagaia den bizidunaren tamaina izan daiteke itsasoko eta lurreko espezieen arteko ezberdintasuna. Hain zuzen ere, fitoplanktona oso txikia da eta itsasoko hidrodinamikaren konplexutasuna handia.

Orduan, zerk mugatzen du zooplanktonaren dibertsitatea? AZTIko ikertzailearen ustean, fitoplanktonarekin gertatzen den antzera, elikagaiak lortzeko lehia eta harrapariekiko erresistentzia dira gakoa. Beraz, ekologiaren teoriek asko dute oraindik ikertzeko harrapariaren eta harrapakinaren inguruan, eta, agian, dibertsitateari begira, bikote hori banatzeko hautua egingo da azkenean.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia