}

Itsaslasterrak, argona eta klima

2002/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako ikertzaileek uretako argona detektatzeko gaitasun handia duen teknika prestatu dute: partikulen azeleragailu bat aldatu dute argon-atomoak detektatu eta zenbatzeko. Aparatuak argon-39 isotopo erradioaktiboa atzematen du eta gai da argon 39 atomo bakarra 10.000 bilioi atomoren artean bereizteko. Teknika itsaslasterrak eta horien bilakaera aztertzeko erabili nahi da, eta bide batez, klima ere bai. Izan ere, argon 39a atmosferan sortzen da izpi kosmikoek argon arrunta jotzen dutenean, eta segituan disolbatzen da uretan.

Erradioaktibitatea abiadura konstantean galtzen duenez, sakonera ezberdinetako uretan dagoen argon-39 kantitatea neurtuz, ur horiek azkenekoz azalean noiz egon ziren jakin daiteke. Orain arte milaka litro ur eta hilabeteetako lana behar zen uretako argon-39a neurtzeko, baina teknika berriarekin, 10 litro ur eta ordu batzuk aski izango omen dira. Dena dela, ez dakite argon-39a abiadura konstantean sortzen den ala ez eta, hala ez balitz, ez litzateke adierazle fidagarria izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia