Itsasertzera isurtzen diren hiri- eta industria-hondakinak kontrolatzeko prozedurak garatu dituzte
2011/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hainbat eremutako egoera ekologikoa aztertu dute prozedura probatzeko
Biomarkatzaileak, biosaiakuntzak eta egoera ekologikoaren adierazleak erabilita, hiri- eta industria-hondakinak jasotzen dituzten itsasertzeko ur-masen egoera ezagutzeko prozedura bat garatu du Leioako Fulcrum enpresak. Ikerketa egiteko EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian ikerketa-taldea, IH Cantabria fundazioa eta CSIC lagun izan ditu. Hain zuzen, ur-masen egoera ekologikoarentzat arriskutsuak izan daitezkeen isurien eragin biologikoak ebaluatu ahal izatea izan da lanaren helburua.
Hainbat isuri jasaten dituzten eremuak aukeratu dituzte proiektuaren lan-eremu gisa: hiri-hondakinen isuriak jasan dituzten kostaldeak (Santanderren eta Gijónen) eta estuarioak (Sestaon), industria-isuriak izan dituztenak (Ferroatlántica metalurgia-enpresarenak eta Sniace paper-fabrikarenak) eta portu-isuriak izan dituztenak (Arriluze kirol-portua, Pasaiako merkantzia-portua eta Santanderko portuko isuri mistoa).
Eremu horietan guztietan, askotariko saiakuntza eta neurketa egin dituzte. Esposizio-saiakuntzak egiteko, muskuiluak eraman dituzte ikerketa-guneetara organismo jagole gisa, eta egoera ekologikoaren adierazleak aztertu dituzte. Ondoren, hainbat biomarkatzaile aztertu dituzte muskuiluetan, eta biosaiakuntzak egin dituzte eremu horietako sedimentuen toxikotasuna ezagutzeko. Bestalde, isurien ereduak egiteko eta nahaste-guneak definitzeko tresna informatiko bat garatu dute, eta muskuiluen, uraren eta sedimentuaren analisi kimikoak egin dituzte.
Lortutako emaitzen artean, nabarmendu dute hustubideen bidezko isurien eragina jasaten duten guneak egoera onean daudela, eta gainontzekoak egoera okerragoan daudela. Halaber, toxikotasuna aurkitu dute Ferroatlántica enpresaren eta Santanderko portuaren isuriak jasotzen dituzten sedimentuetan, eta Peñarrubiako, Santanderko badiako eta Arriluze portuko sedimentuetan.
Lortutako emaitzak alde batera utzita, entseguetan erabilitako tekniken sentsibilitatea, espezifikotasuna eta egokitasuna ere aztertu dute. Ikusi dutenez, etorkizuneko plan hidrologikoetan ezartzeko modukoa da, Uraren Esparru Direktibaren eskakizunak betetzen baititu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia