}

Itsas lasterrak, argona eta klima

2002/01/21 Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako ikertzaileek uretako argona detektatzeko gaitasun ikaragarria duen teknika prestatu dute. Partikulen azeleragailu bat aldatu dute argon-atomoak detektatu eta zenbatzeko. Aparatuak argon-39 isotopo erradiaktiboa atzematen du eta gai da argon-39 atomo bakarra 10.000 bilioi atomoren artean bereizteko. Teknika itsas lasterrak eta horien bilakaera aztertzeko erabili nahi da.

Izan ere, argon-39a atmosferan sortzen da izpi kosmikoek argon arrunta jotzen dutenean, eta segituan disolbatzen da uretan. Erradioaktiboa denez eta erradioaktibitatea abiadura konstantean galtzen duenez, sakonera ezberdinetako uretan dagoen argon-39 kantitatea neurtuz, ur horiek azkenekoz azalean noiz egon ziren jakin dezakete ikertzaileek. Orain arte, ordea, milaka litro ur eta hilabeteetako lana behar zen uretako argon-39a neurtzeko. Teknika berriarekin, 10 litro ur eta ordu batzuk aski omen dira argonaren kontzentrazioa neurtzeko.

Itsas lasterren bilakaera aztertuz, klimaren bilakaera ere aztertzen da, estuki lotuta baitaude. Adibidez, ur hotzeko lasterrak poloetatik tropikoetara higitzen dira eta ur berokoak, aldiz, tropikoetatik poloetara. Lehenak ozeano hondotik higitzen dira eta bigarrenak azaletik. Urarekin batera, itsas lasterrek berotasuna banatzen dute planeta osora eta, beraz, funtsezko eragina dute kliman. Dirudienez, azken glaziazioaren amaieran izotzak urtu zirenean, itsas lasterren oreka apurtu egin zen eta kliman gorabehera bortitzak izan ziren. Eta hainbat klimatologok uste du gaur egun gertatzen ari den berotze globalak antzeko eragina izan dezakeela.

Dena dela, ez dakite argon-39a abiadura konstantean sortzen den ala ez eta, hala ez balitz, ez litzateke adierazle fidagarria izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia