Itsas hondoko bizitza motela
2012/05/23 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pazifikoaren hondoan 86 milioi urte lurperatuta daramatzan mikroorganismo-komunitate batek arnastu egiten duela ikusi dute Danimarkako Aarhus Unibertsitateko ikertzaileek. 30 metro sedimenturen azpian bizi dira, dinosauroen garaitik elikagai berririk izan gabe.
Itsas hondoan, oro har, bakterioek sedimentuen lehen 10 cm-etako oxigenoa agortzen dute. Baina danimarkarrek aztertu duten eremuan, Ipar Pazifikoko Zurrunbiloan (Hawaiitik 1.000 km iparraldera), 30 m-ra oxigenoa aurkitu dute. Izan ere, hango mikroorganismoen komunitatea urriegia da oxigeno guztia agortzeko. “Itsas desertua” deitzen zaio eremu horri, itsasoan elikagai gutxien duen eremua baita. Hango itsas lasterren eraginez ia ez da ezer erortzen hondora; 1.000 urte behar dira 1 mm sedimentu pilatzeko. Erortzen den materia organiko apurraren gehiena gainazalean kontsumitzen dute mikroorganismoek; eta oso motel, ehunka edo milaka urtean. Hala ere, azkenean gelditzen da zerbait lurperatuta, eta horrek elikatzen ditu sedimentuen azpian bizi diren mikroorganismoak.
Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, oso metabolismo motela dute, eta, horren ondorioz, ez dute lurpean gelditu den oxigenoa agortzen. Hala, bizirik jarraitzen dute, ia ezer gabe. Hain zuzen ere, ikertzaileek 30 m-ra dauden mikroorganismoen arnasketa neurtu dute, eta ikusi dute oso oxigeno gutxi kontsumitzen dutela (0,001 mikromol sedimentu litroko eta urteko). Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia