Itsas hondoaren mapa berria
2014/10/13 Ochoa de Eribe Agirre, Alaitz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte ezagutzen ez ziren milaka urpeko mendi eta itzalitako sumendi agertu dira Science aldizkariak argitaratu duen itsas hondoaren mapa berrian. Baita kontinenteak nola osatu ziren ulertzeko zantzu berriak ere. Izan ere, San Diegoko Scripps Ozeanografia Erakundeko ikertzaileek itsas hondoaren mapak sortzeko modu zehatzago bat baliatu dute, sateliteek bildutako datuetan oinarrituta. Itsas hondoaren maparen aurreko bertsioak 20 urte zituen jada, eta haren doitasuna bikoiztea lortu dute orain.
Lurraren grabitazio-eremuan gertatzen diren aldaketak dira bereizmen handiko irudi hori osatzen lagundu dutenak, eta lehen aztertzen ez ziren bi datu-fluxu erabili dituzte horretarako: ESAren CryoSat-2 satelitea –berez poloetako izotzaren datuak jasotzeko agindua baduen ere, ozeanoen gainean dabil etengabe –, eta NASAren Jason-1 satelitea, azken urte honetan grabitazio-eremua neurtzeko birprogramatu dena. Datu berri horiek eta gaur egungo sentsoreen doitasun handiagoa konbinatuta lortu da ozeanoetako zatirik sakonenak eta ezezagunenak marraztea.
Gaur egun, itsas hondoaren % 80 ezezaguna da, esploratu gabe dagoelako edo sedimentu geruza lodi batek estaltzen duelako. Horregatik, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileen ustez, “ozeanoen sakonerari buruzko estimazioak hobetzea” izango da mapa berri honen ekarpenik garrantzitsuena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia