}

Itsas botika ñimiñoenak

2001/06/08 Elhuyar Zientzia

Itsasoko bizidunak aspalditik ikertzen dira sendagaiak osatzen dituzten substantzia eraginkorrak lortzeko. Orain, bizidun horietan dauden mikroorganismoak sendagai berriren iturri izan daitezkeela diote Estatu Batuetako ikertzaile batzuek.

Ikertzaileek itsas animalia askok ekoizten dituzten pozoiak aztertzen dituzte, horietako batzuk minbiziaren aurka eragina dutelakoan. Adibidez, Fiji uharteetako koraletan bizi den Polysyncraton lithostrotum aszidiatik namenamizina atera zuten. Gai kimiko horrek ADNa kaltetzen duenez, minbizi-zelulen aurka erabil daiteke.

Geroago, ordea, namenamizinak aktinomizeto bakterioek jariatzen dituzten substantzia batzuen antza zuela ikusi zuten zientzialariek. Gainera, substantzia bakteriano horiek ere minbiziaren aurka erabiltzeko ikertzen ari dira. Orduan, ikertzaileek aszidiaren bakterioak hartu eta ugaltzen utzi zituzten.

Harriturik, tumore-zelulak hiltzen dituen bi substantzia aurkitu zituzten. Bakterioari Micromonospora lomaivitiensis deitu diote eta ekoizten dituen bi substantzia eraginkorrei lomaibitizina A eta B. Lomaibitizinak eragin antibiotikoa ere badu eta ospitaletan kalte asko sortzen dituen Staphylococcus aureus bakterioaren aurka eraginkorra dela ikusi dute.

Dirudienez, itsasoan sendagaien bila dabiltzanek, animalia eta landareez gain, bakterioak ere ikertu beharko dituzte hemendik aurrera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia