ISS, zalantza larriak
2002/09/27 Elhuyar Zientzia
Nazioarteko Espazio Estazioa aldi baterako bertan behera gera daiteke, astronautak garraiatzen dituzten Soiuz ontzi gehiago eraikitzeko dirurik gabe baitaude errusiarrak. "Etsita gaude" esan du ontziak eraikitzen dituen enpresako buru Valery Riumin-ek, "ez baitaukagu ontzi gehiago eraikitzeko dirurik". "Espazio-ontzi bat eraikitzeko bi urte behar dira. Segituan lanean hasi ezean, 2004an astronautek ez dute estaziora non bidaiatu izango", gaineratu du.
Nazioarteko Espazio Estazioa 7 astronautak batera lan egiteko pentsatu zen, baina gaur egun 3 bakarrik egoten dira, espazio-ontzietan gehiago garraiatzeko tokirik ez dagoelako. NASAk eraiki behar zituen X-33 eta X-34 ontzien proiektuak bertan behera geratu ziren joan den urtean eta, gaur egun, estatubatuarren transbordadoreak eta errusiarren Soiuz ontziak erabiltzen dira astronautak eraman eta ekartzeko. Soiuz ontziak 6 hilabetez egon daitezke estazioari lotuta, zerbait gertatuz gero larrialdi-ibilgailu gisa erabiltzeko prest. Transbordadoreek, aldiz, hiru aste baino ezin dute iraun, denbora gutxiegi edozein misio bideragarria izateko. Beraz, Soiuz-ik gabe, akabo estaziorako bidaiak.
Riuminek gutun bat bidali dio bere kide estatubatuarrari, errusiarren finantzazio-arazoei publizitatea eginez Errusiako gobernuak
diru-laguntzak handituko dituen itxaropenarekin. "Agian dirua ematea aukeratuko du nazioarteko eskandalu bat eragozteko, nahiz eta ia amore emanda nagoen" esan du.
NASAk hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio Errusiako Espazio Agentziari. Eskakizunak egiteko zilegitasun handirik ez du, ordea, berak ere aurrekontuak behin eta berriz murriztu baititu azken bi urteetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia