}

Sputnik-1 sateliteak, 50 urte

2007/10/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Esaera zahar batek dio bidaiarik luzeena ere lehen pauso batez hasten dela. Eta askok esaten dute lehenengo hori dela bidaia osoko urratsik zailena. Lehenengoa egiten denean, burutzen denean, beste guztia aurrera jarraitzea besterik ez da.

Etxetik irten eta Hegoafrikaraino oinez joatea erabaki duenarentzat balio du horrek, zalantzarik ez dago, baina ez harentzat bakarrik, baita izarretara joan nahi izan dutenentzat ere. Espazioan zeharreko bidaia horretan, duela berrogeita hamar urte eman zuten lehen pausoa errusiarrek. 1957ko urriaren 4an, Sputnik-1 sateliteak etxeko ataria zeharkatu zuen, Lurraren atmosfera, alegia, eta espazioan sartu zen lehen aldiz. Hura bai egun historikoa!

Egia esan, muturra atmosferaren beste aldean sartu besterik ez zuen egin. Ez zegoen Lurraren azala baino gertuago izarretatik. Honela ere ikus daiteke: izarretarako bidaiaren hasiera ospatzen ari gara, Lurretik ia irten ere egin gabe; Hegoafrikaz hitz egiten ari gara oraindik gure auzoan gaudela. Hala eta guztiz ere, efemeridea gogoratzea merezi du, beharbada noizbait izarretara iritsiko gara eta.

Argazkia: NASA History Office

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia