Ispilu-neuronei, Bizkaiko Labe Garaiek utzitako arrastoei eta adimen artifizialari buruzko lanak izan dira garaile CAF-Elhuyar 2009 sarietan
2010/03/18 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Ikusi sariketari buruzko Teknopolisen erreportajea
Aditu saridueni Norteko Ferrokarrillean egindako elkarrizketak
" Ispilu-neuronek besteen larruan jartzen gaituzte" lanak jaso du dibulgazio-artikulu orokorraren saria. Ispilu-neuronei buruzko artikulua idatzi du Leyre Echeazarra gasteiztarrak. Gasteizko Farmazia Fakultateko ikertzailea da bera, eta neurozientzien arloan ari da lanean, hain zuzen ere. Ispilu-neuronei zor diegu imitatzeko, ikusiz ikasteko eta enpatia izateko gaitasuna. Ispilu-neuronen gaiak hasiera-hasieratik erakarri ditu epaimahaikide guztiak. Epaimahaiaren iritziz, "modu erakargarrian dago landuta gaia, ondo azalduta eta erraz irakurtzeko moduan". Lan horretan erabilitako irudiak gaia ilustratzeko oso egokiak eta adierazgarriak direla goraipatu dute.
Saria bakarra izanagatik, epaimahaikideek ez dute aipatu gabe utzi nahi izan kategoria horretako bigarren lan bat. Izan ere, dibulgazioaren eta komunikazioaren ezaugarriak bikain bete ditu " Bizitza pizteko tximista" lanak, eta izenburutik bertatik harrapatu ditu epaimahaikideak bizitza piztuko duen tximista non eroriko ote den jakiteko gogoak. Horregatik, aipamen berezia eman diote Xabier Artaetxebarria donostiarraren lanari. Artaetxebarriak Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Zentroan (CIMA) egiten du lan. Ez da hau Artaetxebarriak CAF-Elhuyar sariketan jasotzen duen lehen saria. Izan ere, iaz sari nagusia bereganatu zuen, eta duela pare bat urte gazteen sari berezia irabazi zuen, oso bestelako bi gairekin.
Dibulgazio-artikulu orokorraren kategoria horrek jaso ditu lan gehien; 19 lan, guztira. Kalitatezko lanak erdi-mailakoekin tartekatu direla esan du epaimahaiak.
Egilearen tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria Bilboren ikur eta bereizgarri ziren Bizkaiko Labe Garaiei buruzko lan batentzat izanda. Saria " Bizkaiko Labe Garaien lorratzak Sopelanako hondartzetan " lanak jaso du, Itziar Tueros getxotarrak idatzitako artikuluak. EHUko ikertzailea da Itziar, eta Azti-Tecnalian egin du doktore-tesia. Zehazki, Sopelako hondartzetan labe garaiek isuritako hondakinen arrastorik geratzen den edo ez ikertu du egileak bere doktore-tesian.Epaimahaiak nabarmendu duenez, ipuin baten moduan, oso ondo kontatuta eta irakurtzeko era atseginean eraman du irakurlea tesiaren emaitzetara. "Dibulgazio-lan handia egin du; baita irudi ikusgarriz hornitu ere" dio. Hain juxtu, kategoria honek duen eskakizun-maila handia dela azpimarratu nahi izan dute epaimahaikideek aurtengo edizioan, bereziki zaila baita oso espezializatutako arloei eta gaiei buruzko dibulgazioa egitea. Horregatik, aurkeztutako lanen meritua nabarmendu nahi izan dute.
Kategoria berrien atalean, zientzia-kazetaritzako lan onenaren saria Unai Brea k Argia astekarian idatzitako " Adimen artifiziala. Iritsiko dira gure parera? " erreportajearentzat izan da. Ez dute lan erraza izan epaimahaikideek. Izan ere, aurkeztutako lanen kopurua txikia izan bada ere, horien maila ona izan dela azpimarratu dute epaimahaikideek. Saritutako lanaren hiru ezaugarri hauek nabarmendu dituzte: artikuluaren erakargarritasuna, irakurtzeko atsegina izatea eta edukiaren maila zientifiko egokia. CAF-Elhuyar sarietan kazetaritza-lanak saritzen diren lehenengo aldia izan da aurtengoa, baina jasotako lanen egokitasunak garbi utzi du merezi duela bide horretan lanean jarraitzea.
Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioei dagokienez, berriz, jasotako lanek ez dituzte bete gutxieneko eskakizunak, eta, horregatik, saria eman gabe uztea erabaki dute epaimahaikideek. Edonola ere, datorren edizioan berriz egingo da deialdia, eta idazleak parte-hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek.
Merezimenduzko Aipamena
Amaitzeko, Luis Mari Bandres zenari Merezimenduzko Aipamenaegin zaio aurtengo CAF-Elhuyar sarietan. Ohorezko kategoria berri horri hasiera emateko, ingeniaritzan doktore, irakaskuntzan gidari eta euskararen aitzindari izateaz gainElhuyarren sortzaile eta lehen lehendakari izandakoa baino pertsona egokiagorik irudikatzea zaila da. Jose Mari Rodriguez Ibabe Elhuyar Fundazioaren lehendakariak bertso bat eta eskultura bat eman dizkio Bandresen familiarioroigarri gisa, eta hitzez goraipatu du Bandresen legatua.
Halaber, 2007ko CAF-Elhuyar sarietan zientzia-dibulgazioko lanetan irabazle izan zen gazteak, Javier Navarro Los Arcos-ek, " Fisika eta Metafisika " liburua aurkeztu du sari-banaketan, eta ekitaldira gerturatu direnei liburuaren ale bana banatu zaie.
Epaimahaikideak
CAF-Elhuyar sari berriak ebazteko bi epaimahai osatu dituzte aurtengo edizioan. Dibulgazioko artikuluak eta kazetaritza-lanen arloko epaimahaia bostaditu hauek osatu dute: Itziar Alkortak (zuzenbide zibileko irakaslea eta bioetikaria), Txema Pitarkek (fisikaria eta CIC NanoGUNEko zuzendaria), Juan Ignacio Perez Iglesiasek (biologoa eta EHUko errektore ordea), Rosa Diez Urrestarazuk (kazetaria eta Euskadi Irratiko zuzendaria) eta Jose Mari Rodriguez Ibabek (ingeniaria eta Elhuyar Fundazioko lehendakaria). Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioaren sariaren epaimahaia, berriz, hiru lagun hauek osatu dute: Teresa Irastorzak (Bergarako Idazle Eskolaren zuzendaria), Jesus Mari Olaizola "Txiliku"k (idazlea, biologia-arloko irakaslea eta euskara-zuzentzailea) eta Josu Waliñok (Elhuyar Fundazioko proiektuen kudeatzailea eta gazteentzako ipuinen idazlea).
Saritutako lan guztiak Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren 2010eko maiatzeko zenbakian argiratuko dira, gehigarri berezi batean bilduta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia