}

ISON kometak ez du gainditu perihelioa

2013/11/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atzo iluntzean iritsi zen periheliora Eguzki-arraseko ISON kometa, eta, osorik desagertu ez bada ere, SOHO behatokiaren gaur goizeko irudiek kometaren nukleoa izan daitekeen zati batek iraun duela erakusten dute,  ez dirudi hori nahikoa izango denik datozen egunetan zeruan begi hutsez ikusi ahal izateko.
ison-kometak-ez-du-gainditu-perihelioa
SOHOk hartutako irudia. ISON kometaren zatiren batek iraun duela dirudi. Arg. SOHO/NASA/ESA

Oso orbita eszentrikoa zuen kometak, eta astronomoek iragarri zuten ikaragarri hurbilko zela Eguzkira, 1,8 milioi km ingurura, besterik ez (0,012 unitate-astronomiko); konparaziorako, Halley kometa 90 milioi km-ra igaro zen 1986an.

Perihelioa Eguzkitik oso distantzia txikia dutelako izena dute horrela Eguzki-arraseko kometak, eta, mota honetako txikienak, desegin egiten dira periheliora bidean edo ondoren. Handienek bakarrik lortzen dute perihelioan jasan beharreko kondizioetatik bizirik ateratzea.  ISON handietakoa zen, eta,  ondorioz,  astronomoek uste zuten bazuela aukera bat perihelioa gainditzeko, kometaren tamaina eta abiadura handiak ikusita.

Atzo, perihelioaren bueltan, handiak izan ziren Interneten eta sare sozialetan ikusmina eta jarraipen-maila; zuzenean ikusi ahal izan zen nola ari zen hurbiltzen ISON Eguzkira, eta, nola ari zen materiala galtzen. 

Gaur, Bad Astronomy blogaren egile Phil Plait astronomoak esan duen bezala, “jende asko triste dago kometa hautsi egin delako”. “Ulertzen dut  —jarraitzen du testuak—; nik neuk ez dut izan ikusteko aukerarik, eta, orain, itxura guztia du ez dudala inoiz ikusiko. Baina Unibertsoari bost axola gure nahiak; egin behar duena egiten du, besterik ez. Eta zientzia asko ari da sortzen hemen, hortaz, ni ez nago batere triste; pozik nago. Gertakizun aparta izan da! Eta denbora asko, asko pasa liteke halakorik berriz ikusi arte”. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia