Smart 1: Europa Ilargiari begira
2005/01/02 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Smart 1 Europako Espazio Agentziak (ESA) Ilargira bidali duen lehenengo zunda da. Ilargia hobeto ezagutzeko datuak jasotzea du helburu misio honek, eta, batez ere, tresneria probatzea. Izan ere, espazioan erabiltzeko diseinatutako tresnak Lurrean probatzen dira lehenengo, espazioko kondizio berdinetan ahal den neurrian; baina behar-beharrezkoa da in situ ikustea diseinua egokia den ala ez.
Eta, orain arte, probatu duten tresneria primeran doa, antza. Bereziki propultsioarekin daude harro ESAko adituak. Ioi bidezko propultsioa darabil Smart 1 -ek. Eta, diotenez etorkizunean erregai kimiko bidezko propultsioa baino eraginkorragoa izango da propultsio ionikoa. Horretarako, ordea, bide luzea egin beharko da; izan ere, propultsio ionikoa lehen urratsetan dago.
Propultsiorako xenona darama zunda horrek. Eguzki-panel batzuen bitartez, xenona ionizatu egiten da, eta ioi horiek dira, hain zuzen ere, zundatik kanporatzen direnak eremu magnetiko baten bidez; eta horiek ematen dute zundak aurrera egiteko bultzada.
Misio merkea eta eraginkorra
Smart 1 , dena dela, misio merkea da. Espazio-agentziek misio garestiak eta garrantzitsuak izaten dituzte batetik, baina, bestetik, misio txikiagoak er
e
izaten dituzte. Eta Smart 1 misio txiki horietako bat da. Izenak berak hala dio: Small Missions for Advanced Research Technology -ren akronimoa da Smart—ikerketa aurreraturako teknologiarako misio txikiak, alegia—.Pentsa, NASAren Apolloak lau egunean iristen ziren Ilargira duela 35 urte, eta Smart 1 -ek, berriz, hamahiru hilabete behar izan ditu. Alde handia bidaiarako erabilitako denborari dagokionez, baina, seguruenera, alderik handiena aurrekontuan dago. Hala ere, Smart 1 espero zuten baino bi hilabete lehenago iritsi da Ilargiaren orbitara, eta ESAn gustura daude aurrerapen horrekin, erregaia aurreztu baita.
Misioa txikia da, eta zunda bera ere ez da oso handia: 370 kilo pisatzen ditu eta kubo-itxurakoa da. Kubo horren aldeek metro bat inguru neurtzen dute —beraz, etxeko arropa-garbigailu baten neurrikoa da, gutxi gorabehera—. Kubo horretatik hamalau metro luzeko bi eguzki-panel zabaltzen dira, hegoen antzera.
Jaurtitzeko, noski, eguzki-panelak paketatuta zeuden, tolestuta, eta Lurretik kanpora zegoenean zabaldu zituen hego-itxurako panelak. Zunda Ariane 5 jaurtitzaile baten bidez jaurti zuten; joan den urteko irailaren 27an izan zen hori, Kuru espazio-basean, Guyana Frantsesean.
Estazio bat Ilargian?
Aditu askoren ustean, Smart 1 -en helburu nagusia da Ilargian espazio-estazio egonkor bat ezartzeko lehenengo pausoak ematea. Izan ere, besteak beste, zundak Ilargiaren gainazala aztertuko du, eta estazioa kokatzeko gune egokienak bilatuko ditu.
Ilargian estazio bat eraikitzeko ideia ez da gaur goizekoa. Gai horrek indar handia izan zuen Apollo misioetan Ilargira egindako bidaiak eta gero. Baina zailtasunak nabarmenak ziren: astronauten gorputzak kondizio haietan nola erantzungo zuen ez zekiten, eta etengabe egin beharko ziren joan-etorriak beharrezko gaiekin hornitzeko.
Espazioko lehenengo estazioa (Sayut 1) 1971n eraiki zuten sobietarrek, eta horren atzetik etorri ziren gainerako Sayut-ak, Nasaren Skylab, sobietarren Mir ospetsua eta gaur egungo Nazioarteko Espazio Estazioa. Horrelako ibilbidearen ondoren, esan daiteke Ilargian estazio bat eraikitzeko adina aurreratu dela teknologia.
Baina bada kontu bat oraindik argitu gabe dagoena, eta estazio hori erabilgarri izateko oso interesgarria dena: ura —edo, hobe esan, izotza—. Ilargian izotza non dagoen eta zenbat zehaztasunez jakitea komeni da; hala, ez litzateke Lurretik hornitu beharko. Eta Smart 1 -en helburuetako bat, hain zuzen ere, horixe da: Ilargiaren poloak aztertzea izotz bila.
Dena dela, ez da ESA Ilargirako misioak programatuta dauzkan espazio-agentzia bakarra. Azken hamarkadan alboratu samar egon ondoren, mundu osoko espazio-agentzien interesa piztu du berriz. Txinak, Japoniak eta AEBek, esate baterako, Ilargiaren orbitan zundak jartzeko asmoa dute. Eta, ondoren, Rover-ak ilargiratuko dira azterketak in situ egiteko, Marten egiten ari diren bezala.
Horrela, pentsatzekoa da urte gutxiren buruan egitura handiak eraikiko direla Ilargian gizakiak hilabeteetako egonaldiak egin ditzan han, orain nazioarteko estazioan egiten den bezala.
Izotza bilatzeaz gain, Smart 1 -ek Ilargiaren osagaiak aztertuko ditu. Osagai horiek ezagututa Ilargiaren jatorria ezagutu nahi da; eta Ilargiaren eta Lurraren arteko erlazioa zein izan zen sorrera hartan, gaur egun teoria bat baino gehiago baitago.
Ikusten denez, lan handi samarra da, ‘misio txiki’ izena jarri dioten arren. Lurraren ahizpa deitu izan dena, Ilargi andrea, hobeto ezagutzen lagunduko digu Smart 1 dotoreak.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia