}

Isabel Arriortua, 2010eko Ikerkuntzako Euskadi Saria

2011/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Isabel Arriortua, 2010eko Ikerkuntzako Euskadi Saria
2011/04/01 | Elhuyar
Isabel Arriortua, 2010eko Ikerkuntzako Euskadi Saria. Arg.: EHU.

EHUko katedradun Maria Isabel Arriortuak (Barakaldo, 1950) jaso du 2010eko Ikerkuntzako Euskadi Saria, Zientzia eta Teknologiaren modalitatean. 1992. urtetik kristalografian eta mineralogian katedraduna da EHUn, eta kristal-materialak aztertzen diharduen talde baten buru izan da bere ibilbidearen hasieratik.

"Atomoen ordena ikertzen dugu materialetan --azaldu du Arriortuak--. Laborategian sintetizatutako materialak izan daitezke, edo naturan aurkitutako produktu naturalak. Hala, propietateak eta aplikazioak bilatzen ditugu haietan".

Hainbat funtziotarako materialak garatzeko bidea eman dute Arriortuak egindako ikerketek, hala nola energiaren arloan, katalisian eta ingurumenean erabil daitezkeenak. Adibidez, material mikroporotsuak garatu dituzte. Honela azaldu du Arriortuak: "Material horiek egitura dinamikoa dute eta, nolabait esatearren, atomoekin jolasteko aukera ematen digute. Poroak dituzte, eta poro horietan atomo txikiak --litioa edo sodioa, esate baterako-- sartuz edo atereaz, materialen propietateak aldatzen dira. Horrenbestez, material jakin bat katalizatzaile moduan erabil daiteke, edo eroale bihurtu, energiaren eremuan erabiltzeko".

Ikerkuntzako Euskadi Sariaren Zientzia eta Teknologiaren modalitatean oinarrizko zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta arkitektura hartzen dira kontuan. Zientzia-jarduera sustatzea du helburu, eta bi urtez behin ematen dute. Saria 36.000 eurokoa da. 1996. urtean sortu zuen saria Eusko Jaurlaritzak, eta Isabel Arriortua Zientzia eta Teknologiaren modalitatean saria irabazten duen lehenengo emakumea da.

1
274
2011
4
008
Sariak; Kimika
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia