}

Irri egitea osasuntsua da

2000/12/05 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Umorea burmuinaren eskuin-lobulu frontalean dago. Gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzeko, ona da barre egitea.

Umorea eta irria gauza bitxiak dira. Txantxa edo gertaera batzuek pertsona batzuengan barregurea sortzen dute, eta beste batzuengan, berriz, ez. Oraindik, umoreari loturiko fenomeno horiek ulertzeko ikerketa gehiago egin behar badira ere, ikerlarien artean interesik ez da falta. Azaroan, esaterako, barrea osasuntsua dela dioten bi ikerketen emaitzak plazaratu dira.

Umorearen arrastoak buruan

Depresioak sendatzeko bide berriak lantzeko asmoarekin, umorea burmuinaren zein tokitan dagoen ikertu dute Estatu Batuetako Rochester unibertsitatean. Txiste sorta bat —beraien ustetan onak— hamahiru pertsonari kontatu eta, erreakzionatu zuten mementoan, haien jarduera zerebrala neurtu zuten. Hala, erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidez hartutako burmuin irudiei esker, umorea non dagoen ikusi dute. Zehazki, burmuinaren eskuin-lobulu frontalean, hau da, eskuineko begiaren gainean du kokalekua umoreak.

Ikerketa horren emaitzak baliotsuak izan daitezke depresioa sendatzeko. Ikerketako arduradun Dean Shibata sendagilearen hitzetan, badakite umorearekin lotura zuzena duten burmuinaren parte batzuek «pertsona depresiboetan gaizki funtzionatzen dutela». Hemendik aurrera, despresioak sendatu ahal izateko, funtzionamentu txar horiek zergatik gertatzen diren eta zein ondorio duten aztertzea falta da.

Bihotzaren erantzuna

Azaroan plazaratu berri den beste ikerketak, irri egiteak gaixotasun kardiobaskularrak gutxitzen dituela erakutsi du. Egoera desberdinetan, gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonek irri egiteko probabilitatea gaixotasun kardiobaskularrik ez duten pertsonena baino % 40 txikiagoa da.

Michael Miller Maryland Medical Center-eko gaixotasun kardiobaskularren prebentziorako zentroko zuzendariaren esanetan, oraingoz, ez dakite «zergatik irri egiteak bihotzeko gaixotasunak edukitzeko arriskua gutxitzen duen, baina estres mentala endotelio eskasari lotua dago. Endotelioa bihotzaren eta odol-basoen barneko mintza da».

Miller sendagileraren ustez, «gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonei ariketa fisikoa egitea, ez erretzea eta elikadura zaintzea gomendatzen zaie. Hemendik aitzina, gomendio horiei egunero minutu batzuk irri egitea gehitu beharko litzaieke. Adibidez, umorezko zerbait irakurriz, bideo bat ikusiz edo txiste kontalarien ikuskizunetara joanez».

Badakigu, beraz, osasuntsu bizi nahi badugu zer egin behar dugun: umoreari seriotasunari adina leku eman.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia