}

Iritsi da Galileo zundaren azken ordua

2002/02/03 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

1989an aireratu zutenetik, hamahiru urte eman ditu Galileo zundak espazioan, Jupiterren inguruan, planetari argazkiak ateratzen eta bestelako datuak biltzen. Orain NASAk heriotza data jarri dio zunda baliotsuari: 2003ko abuztua. Orduan suzko baloi baten gisara desegingo da Galileo . Hortik aurrera, bestelako informatzaileak topatu beharko dituzte astronomoek.

Jupiter planetaren inguruan biraka ari den zunda da Galileo . 1989an aireratu zuten, eta duela bost urtetik hona dago planeta erraldoiaren orbitan. NASAk adierazi duenez, datozen hilabeteotarako prestatu dizkioten zereginak izango dira egingo dituen azkenak.

Galileo k ateratako argazki esanguratsuenak.

NASAk Jupiter eta haren satelite handienak, Io, Europa, Ganimedes eta Kalisto, gertutik ikertzeko espazioratu zuen Galileo zunda 1989ko urriaren 18an. Bidaia luzea egin eta 1995eko abenduan hurbildu zen Jupiterren sistemara. Planetaren inguruko orbitan sartu eta argazkiak eta datuak jasotzen hasi zen, besteak beste Jupiterren orban handiarenak.

Baina Galileo aipagai izatearen arrazoia ez da berari esker egindako aurkikuntza berri bat. Oraingoan, NASAko astronomoek Galileo noiz erretiratuko den jakinarazi dute.

Proiektu berri hori 9 milioi dolar kostako da eta 2003ko abuztuan bukatuko da. Hilabete horretan, zundari Jupiterren atmosferara joateko agindua emango zaio eta, bertara iristean, suzko baloi gisa desintegratuko da. Baina betiko desagertu aurretik, Jupiterren hainbat ilargi behatu beharko ditu.

Uzta oparoa Galileorena

Galileo ren amaiera dela eta, triste daude astronomoak. Halere, Galileo k azken sei urteetan egin duen lana ikusita, badute pozik egoteko arrazoirik. Aurreikusitakoa baino hiru aldiz denbora gehiago pasa du Galileo k orbitan, nahiz eta Jupiterren erradiazioa espero baino biziagoa izan den.

Galileo k 33 bira eman dizkio Jupiterri, zazpi bider egon da Iotik hurbil eta, orotara, 27 bider Europa, Ganimedes eta Kalistoren inguruan. Aldiro, misioaren arduradunak sateliteen grabitateaz baliatzen ziren ontziaren ibilbidea aldatu eta hurrengo helbururako bidean jartzeko.

Galileo ri esker ezagutu da lo satelitearen aktibitate bolkanikoa.

NASAko arduradunak oso pozik eta harro agertu dira Galileo k oso ongi bete baitu bere egitekoa orbitan egin dituen urteetan. Astronomentzat oso erabilgarria den informazio ugari batu eta bidali du zundak. Besteak beste, 14.000 argazki inguru igorri ditu eta, Galileo ri esker, Europaren izotzezko geruzaren azpian ur gaziko ozeano likidoa dagoela atzeman dute zientzialariek. Gainera, Galileo ren bidez, Io ilargian aktibitate bolkanikoa dagoela frogatzen duten ebidentziak aurkitu ziren. Horretaz gain, 2000. urteko abenduan, Saturnorako bidean zihoan Cassini espazio-ontziarekin bat egin zuen eta, bien artean, sistema jobiarra eta haren inguru magnetikoa behatu zituzten.

Erabaki zaila, baina beharrezkoa

Galileo ri atera zaion etekina paregabea izan dela ez du inork zalantzan jartzen, baina aurrerantzean funtzionamendua okertu egingo zaiola dio Ikerketarako Kontseilu Nazionalak eta zunda suntsitzea gomendatu du. Dirudienez, hiru dira erabaki hori hartzera bultzatu duten arrazoiak.

Lehenik eta behin, aireratu aurretik zunda ez esterilizatu izanak kezkatzen ditu adituak. Lehen kolpera, ideia harrigarria dirudi horrek, baina, egia esan, uste baino garrantzi handiagoa du. Antza denez, Europa sateliteko izotz-geruza sendoaren azpian itsaso likidoa dago, eta NASAko astronomoek satelite horretan bizirik ote dagoen aztertu nahi dute. Horretarako, beharrezkoa da likidoa jatorrizko egoeran mantentzea. Dirudienez, zundak nahigabe Europa ilargiaren aurka joz gero, satelite horretan kutsadura biologikoa sortzeko arriskua dago, eta hori gertatuz gero, NASAren beste proiektu bat hankaz gora gera liteke.

Bestalde, Galileo k uste baino gehiago iraun du eta, poliki-poliki, zunda gidatzeko eta zundaren antena Lurrera begira jartzeko beharrezkoa den erregaia agortzen ari da. Beraz, gutxi barru, alferrikakoa izango litzateke Galileo mantentzea.

Azkenik, Galileo k Lurraren kontra talka egiteko batere aukerarik izan ez dezan, Nasak nahiago izan du kontrolpean suntsitu eta Galileo behin betiko agurtu.

Azken eginkizunak

2003ko abuztuan desagerraraziko dute Jupiter eta haren satelite handienak ikertzen lagundu duen Galileo zunda.

Baina erretiratu aurretik, Io ilargiaren sumendiei berriz ere bisitatxoa egitera bideratuko dute Nasako astronomoek, azken argazkiak atera ditzan. Io ilargiaren sumendiak 1979an aurkitu zituzten, eta geroztik harridura baino ez dute sortu. Galileo inoiz baino gehiago urreratuko da Iora eta, horrela, orain arte ikus ezin zitezkeen datuak atzeman ahal izango dituztela espero dute astronomoek. Azken bisita horrekin, sumendi batzuk azken urteetan nola aldatu diren ikustea espero dute. Galileo proiektuaren arduradun den Nasako Jet Propulson laborategiko Eilene Theilig-en hitzetan, " Galileo azkenetan da eta, horregatik, azken bisita hori egitea bereziki zirraragarria da".

" Galileo bezalako orbita-misioek, denbora jakin batean leku interesgarri batetik behin baino gehiagotan pasatzeko aukera ematen du. Hori abantaila garrantzitsua da Io ikertzeko, asko aldatzen baita".

2002ko azaroan, suntsipenerako bidean, Jupiterrera asko hurbildu eta, Amaltea Jupiterren barnealdeko satelite txikitik 500 kilometro ingurura igaroko da. Kasu horretan, ilargiaren masa eta dentsitatea aztertuko ditu; orain arteko ikerketen arabera, Amaltea Io baino hamar aldiz txikiagoa da. Era berean, suntsitu aurretik, Galileo k Jupiterreko ekaitz bortitzak eta Ioko sumendiak azaltzeko gakoa emango duela espero dute astromoek.

Hortaz, suntsitzeko data jarria badu ere, azken unera arte informazio preziatua bidaltzeko lanean jarraitu beharko du Galileo k.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia