}

Iraupen-lasterketa luzea odol artifizialaren bila

2001/07/08 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Frantziako Itzulia atzo hasi zen, eta Giroan gertatutakoaren ondotik, dopinaren inguruan gerta daitekeenaren peskizan egongo gara. EPOaren erabileraren gainbeherak baditu ordezkoak: odol transfusioetan odolaren ordezko izan daitezkeen baina oraindik ikerketa fasean dauden HemAssist eta RSR13 produktuak.

Odolak gorputz osoan zirkulatzen duela jakin bezain laster hasi zen bere ordezkoa aurkitzeko lasterketa. Medikuek 1667an erdietsi zuten lehen odol tranfusioa, baina hartzaileak hil egiten zirela ohartuta bide hori utzi egin zen. 1868a ezkeroztik, ordea, ikerlariek hemoglobina duten soluzioak erabiltzen hasi ziren. Hemoglobina odoleko globulu gorrietan dagoen proteina da eta oxigenoa garraiatzen du.

Lasterketako lehen etapa arrakastatsua 1883an egin zen. Sodio kloruroz, potasioz eta kaltzioz eginiko Ringer soluzioa 1883an prestatu zuten, eta odola galtzeak eragiten duen presio jaistea konpontzeko balio izan zuen. Hemorragiak gainditzeko salto handia izan zen. Gerora, sendagileek laktatoa gehitu zioten, eta, oraindik ere, odol bolumena berregiteko gehien erabiltzen den soluzioa izaten jarraitzen du.

Hala ere, odol transfusioetan aurrerapen handiak egin dira, eta koagulazioak, bakterioen kutsadurak eta odol talde desberdinen arteko mekanismoak gero eta sekretu gutxiago dituzte sendagileentzat. Gaur egun, arazoa, bestelakoa da: odol-emaileen eskasia. Horregatik, odolaren ordezko bat bilatzeko lana etengabea da, nahiz eta historia luzean bultzada eman dioten hainbat garai aipatu behar diren. Bigarren Mundu Gerra eta, batez ere, Vietnamgo gerra izan ziren odol-transfusioen mugak agerian utzi zituzten lehen bi garaiak. Ondoren, 80ko hamarkadan, hepatitisa asko zabaldu eta GIB birusa agertu zenean, odol-emaileen kopurua nabarmen jaitsi zen eta, berriz ere, ikerketa fasea berpiztu egin zen.

Odol-emaileen beharra

Odola ezin da sei aste baino gehiago gorde.

Odoljario larrietan, oraindik ere, odola da aukerarik egokiena –eta maiz, bakarra–. Horregatik, garrantzitsua da odol-emaileen kopuruari eustea eta ahal dela emendatzea.

Baina odolak baditu bazter ezin daitezkeen desabantaila batzuk: udan odol-emaileen kopurua asko jaisten da; odola sei aste baino gehiago ezin da gorde; larrialdietan, zaila da emailearen eta -hartzailearen odol taldeen arteko bateragarritasuna ziurtatzea; eta, gainera, anbulantzian odol poltsak garraiatzea ez da batere erosoa, odola hotzean gorde behar baita; gainera, hamar odol hartzailetatik batek jasaten ditu, transfusioko ondoreneko erreakzioak, nahiz eta larriak ez izan.

Beharrei erantzun nahian

Odolaren ordezkoa litzateken soluzioaren bila ibiltzeko arrazoiak ez dira eskas. Emaitzak ere jasotzen hasiak dira, nahiz eta oraindik ere ezusteko txarrak bat baino gehiago izango direla uste den.

Gizakiaren hemoglobinan oinarrituta ikertu duten produktuetako bat Baxter etxearen HemAssist da, zientzialarientzat DCLHd (diaspirin cross linked hemoglobin). Ikerketa klinikoetan egindako probetan, hilkortasun tasa espero baino handiagoa izan zen, eta horrek zalantzan utzi zuen produktuaren eraginkortasuna eta kalterik ez egitea.

Odol poltsak premiazko dute larrialdietako zerbitzuek.

Hori dela eta, 1998tik, ikerketak beste bide bat jorratzen ari dira. ADNan proteina bat fabrikatzeko informazio genetikoa sartzea da ideia. Horrela, ADNak zelulari proteina sortzeko agindua emango lioke. Odolaren kasuan, ekoitzi beharreko proteina hemoglobina litzateke. Gainera, hemoglobinaren egitura molekularra aldatuta, proteinaren propietateak alda daitezke, eta, horrela, erabilera kliniko espezifikoei erantzungo dieten hemoglobinak sortu ahal izango dira.

Odol artifiziala larrialdietan eta txirrindularitzan

Odol artifiziala larrialdietan odolaren ordezko gisa erabiltzeko ari dira diseinatzen, baina lasterketa horretan medikuntza eliteko kirolaren atzean gelditu da beste askotan bezala. Izan ere, nahiz eta ikerketa klinikoetan emaitza eskasak lortu txirrindulariek dopatzeko erabiltzen dute HemAssista, Giroan kasu. HemAssista hemoglobina sintetikoa da, eta txirrindulariek zainetan oxigeno gehiago garraiatzeko hartzen dute, oxigeno gehiagorekin gaitasun fisikoa nabarmen handitzen baita. Sendagileen hitzetan, gorputzak modu naturalean sortzen duen edozein substantzia artifizialki sartzeak beti du arriskua, eta kasu horretan ziurtasun osoz mintzatu ezin bada ere, globulu gorriak lehertzea eragin dezake.

Errendimendua hobetzeko, kirolariek odolaren ordezko sustantziak erabili izan dituzte.
Eneko Imaz

Txirrindularitzan erabiltzen den beste produktuetako bat Allos Therapeutics konpainiaren RSR13 da. Molekula txiki sintetikoa da hori, eta hemoglobinek oxigeno gehiago askatzea eragiten du. Pilula gisa edo zainetik har daiteke, baina oraindik ikerketa fasean dago. Gehienbat, minbiziak sendatzeko tratamenduak hobetzeko eta anoxia kasu larrietan erabiltzeko diseinatu da. Oraingoz, minbizia duten eta tratamendu erradioaktiboa egiten ari diren pazienteekin saiatu da, eta tolerantzia maila ona eman du, baina goizegi da eraginkortasuna erabat egiaztatzeko.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia