Iratzarritako ondarearen alde
1993/08/01 Sibers, Jean-François Iturria: Elhuyar aldizkaria
Abbadia... paper hotz batean
Finka eta gaztelua 1984.ean sailkatua
Hendaia (64). Tel. 59.20.54.20
Jabea: Zientzi Akademia eta Itsasbazterreko Kontserbatorioa
Kudeaketa: Hendaiako Udalerria
Arkitektura: PARENT; VIOLLET-LE-DUC
Ekialdeko dekorazioa: DUTHOIT
Paisajismoa: BÜHLER
Sorrera: 1860/1870
Sortzailea: Antoine Abbadia (1810-1897).
Astrofisikaria. Magnetismoan aditua.
Esploratzaile eta Etiopiako kartografoa.
Zientzi Akademiako lehendakaria.
Hizkuntzalaria: amharera (Etiopia) eta
euskara (Euskal Herria).
Lore Jokoen sortzaile, mezenas.
1986. urteaz gero, “Abbadiako Adixkideak” Elkarteari esker Ondareari buruzko eta Hastapen Artistikozko ikastaroak ematen dira, eta irakasle, artista eta kultur nahiz turismo-sustatzaileentzat ere bai.
50.000 bisitari libre baino gehiago urteko finkan.
Kontserbatorioko adituak gidatutako bisitak.
Antzinako eta bertako espezieen haztegia, inausketa- eta txertaketa-ikastaroak bertan eginez; landareen zabalkundea.
Gaztelua Ondare-ikastaroetarako, Hendaiako CM2 mailako (11 urte) ikasleentzat eta aurrez inskribatuta asteko 20 pertsonako bi talderentzat irekita.
Hona hemen bisita-txartela, txartel teknikoa, ondarea hilotz bihurtutako paper hotza.
Abbadia... basoko Loti ederra
Klausula egokiz egindako dohaintzari esker, gazteluak bizilagunak izan ditu. 1975. urterarte astronomi zentru izanik, eraldaketa sakonetatik urrun egon da. Altzariak, ontziak eta etxeko oihalak eta mihiseak ukitu ere egin gabe daude. Hortxe daude turutak, soka akustikoetatik zintzilik eta morroi-neskameek sukaldetik sukalondora ontziak igo eta jaisteko erabiltzen zuten igogailua soketatik zintzilik.
Eraikuntza-aro eroan finka bere horretan ukitu ere egin gabe mantendu da eta babestutako landare- nahiz animali espezieak aztertu egin dira.
“Ondare-hibernazioaren” adibide bitxia da. Gazteluan eta finkan museo ez bihurtzeko adina biztanle izan da, baina XIX. mendekoa bezalako habitat eta ingurunea aldatzeko adina jende ez du eduki.
Egoki eta kontu handiz inguraturik, basoaren barrenean ezkutaturik dago loti ederra.
Hona hemen sentimen-txartela, ezkutuko altxorra, ondare agurgarria.
Abbadia... musu batez iratzarria
Hain ondare hauskorra, mihise margodunak eta orkideo sotilak dituena ezin da zakarki tratatu. Historian zehar izandako zorteak eta Monumentu eta Gune Historikoen jabe arduratsu eta setatiek, bere apaingarri guztiak osorik mantendu dizkigute. Beraz, orain kontua ez da bapateko konkista hondatzailez ondarea urratzea. Loti ederra iratzarri egingo dugu, baina musu batez.
Ume, irakasle, artista eta abarrek begiratu, entzun, oinez poliki ibili, ukitu eta usain egiten dute. Zerk sortu ote du desioa? Animali eskulturek? Etiopiako freskoek? Untxien zalapartak eta karramarroaren zeharkako ibilerak? Harri bihurriko eskulturek? Landako lanbroak?
Ondare-herrian ataka, bide edo zubi altxagarritik ibilita egindako edozein bilaketa on da, joanez gero zeinnahi bidek besteetara eramaten duelako: freskoek eta dekorazio-motiboek Etiopiara garamatzate, orientalismora, arkitekturako kromatismora... Ia berrogeita hamar ikastaldi eta beste horrenbeste proiektu. Ondareko elementu bakoitza, multzoa isladatzen duen prisma da; denboran zehar higikorra, ikuspegiaren arabera aldakorra. Hitz batez esanda, bizia da.
Ikastaldi bakoitzak, ume edo helduen ikerketa-talde bakoitzak, bere helburuak ditu: gure egitekoa ondare-gaia komunikatzen ikasteko, arte-adierazpeneko teknika menperatzeko edo espazioan kokatzen jakiteko gogoarekin egoki lotzea da.
Hezitzaile, artista eta ondare-adituen arteko konplizitateak giro berezia sortzen du Abbadiako egonaldietan; hauek neurrira egindako trajeen antzera egokitzen baitira.
Hona hemen desio-txartela, bilatu eta aurkitutako isilpeko musua, ondare-nahikunde bizia.
Abbadia... emaztea
Umeek poema asmatu edo filmea egiten dute, arkitekturako jokoa eraikitzen dute, teatro-lana egiten dute, musika-lana edo lore-jokoa bururatzen zaie. Ondare-ikastalditik hastapen artistikorako klasera eta zientzi klasera tarte txikia dago eta batetik bestera joan-etorri asko egiten da.
Sormena eta burutzapena ezagumendu-multzo hutsa baino zerbait gehiago dira. Forma ematea da; gaur egungo gizon edo emakume naizen honetzat, neretzat eta nere bidez, ondarea neure bihurtzea.
Abbadia hauskorregia da Baionako katedralea edo Irisarriko Ospitale Zaharra bezala denbora luzez irekita edukitzeko. Baina egin dezakeguna Abbadia maitatuko duen “zaletuaren” grina piztaraztea da, ume bihurtuz eta hortik aurrera ondare den guztiari arretaz begiratuko diolarik.
Ondarea bereganatu duten berrogeita hamar klaseak, Baionan, Angelun edo Parisen erakutsi diren obrak, ideiak, filmeak, musika-lanak egin dituzten artistak edo sustatzaileak, horiek dira Abbadiaren senarrak, haurren gurasoak.
Hona hemen ezkontza-txartela. Iraganeko lana gaurko lan bihurtu da. Ondarea, arkua eta gezia bezala, atzera okertutako arkua eta aurrera doan gezia da.
Abbadia... ostalersa ederra
Abbadiako euskal ondarea, sinkretismo-monumentua da: hamalau hizkuntza hormetan eta bi erlijio, mundu osoko landareak, Europa osoko hegazti migratzaileak, kanpoalde neogotikoa eta barnealde exotikoa, astronomi laborategia eta kapera bikaina.
Ondarea norberaren ezagumenduen arabera neurtu, lursail batera mugatu, ainguratu eta finkatutako objektu izatera murriztu eta irekitasun faltaz elbarritu ordez, Abbadiako ostalersa imitatu behar da, lagunak eta lagunen lagunak onartuz. Urteetan zehar hemen izandako artistek, irakasleek, adituek eta denak aipatzea ezinezkoa litzatekeen erakundeek (D.R.A.C; C.A.U.E; F.F.C.O; D.I.R.E.N; C.N.M.H.S; Lauburu; Euskal Museoa; Bonat Museoa; Drosera...) beren gaitasunak elkarrekin sareatu dituzte ingurunea hobeto ulertzeko.
Horregatik zorionak ematen dizkiogu Euskal Kultur Institutuari bilerak egiteko izandako ekimenagatik eta bigarrengoz “ondarea martxan” bileretarako ekintza bateragarrietan lan egitea proposatzen diogu.
Ostalersa ederra maisuaz oroitzen da: bere Etiopiako ibilaldia medio egin zen euskal hizkuntzalari eta mezenas. Violet-le-Duc paristarrarekin eta Europako iparraldeko Duthoit eta Bühler-ekin eraiki zuen benetako euskal ondarea.
Gure fresko eta hileta-erritoez zeresanik aski duen Herkulano eta Ponpeioren Italiarekin ere kide gara.
Itsasbazterreko Kontsebatorioarekin ere, Abbadian artista-egoitza finkatzen ari gara. Gaur egun biharko sortzen den ondarea da.
Hona hemen maisu-txartela, besoak zabalik, ondarea ikur-haritz gisa, bere lurraldean sakon sustraitua, munduko kulturetan oparo zabaldua, gaur egun euskaldun izateko era berria asmatuz.
Abbadiako Gaztelua bisitatzeko
Apiriletik ekainerarte eta irailetik urrirarte.
Ostiral arratsaldetan bakarrik eta aurretik deituz.
Izen-emateak: 59201079 eta 59201587 telefonoetan (Hendaia).
Prezioa: 20 libera.
Abbadia Eremua bisitatzeko
(Fauna, flora, geologia, historia, arkitektura eta itsasbazterren kontserbatorioa)
Uztail eta abuztuan: astearte, ostegun eta larunbatetan: 9.30etan.
Gainerako hilabeteetan: hileko azken igandean 9.30etan. Topalekua: Larretxea.
Prezioa: 10 libera (15 urtetik beherakoak dohan).
Erakusketak
Abbadia eta naturaren inguruko gaiei buruzkoak.
Uztail eta abuztuan 10etatik 13etara eta 15etatik 19etara.
Gainerako hilabeteetan:
astelehenetik larunbatera 15etatik 18etara.
Topalekua: Larretxea.
Prezioa: dohan.
Honetaz gain, frutarbolak zaintzeari buruzko ikastaroak eta umeentzako egunpasa edo astebeteko egonaldiak ere burutzen dira Abbadian.
Informazioa nahi izanez gero, 59203720 (Hendaia) telefono-zenbakira hots egin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia