Iratzargailu goxoena
2005/06/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Lotatik gozo-gozo ateratzeko, iratzargailu adeitsu bat asmatu dute AEBetako gazte batzuek. Gazte horiek jabetu dira jendeak gorroto diola iratzargailuari. Izan ere, inork ez du gogoko inork edo ezerk esanaraztea lo sakon dagoenean. Batzuek uste dute nahiko lo egin ez dutelako gertatzen zaiela hori, baina ez da hala. Berez, ez dauka zerikusirik lotan pasatutako ordu-kopuruarekin, baizik eta loaldiaren zer unetan esnarazten duten bat.
Hain zuzen ere, loa hainbat fasetan banatzen da. Lehen fasean, gorputza lo egiteko egokitzen da: giharrak lasaitu egiten dira, garunaren jarduera gutxitu egiten da, eta arnasa sakonagoa bihurtzen da. Fase hau laburra da, hamar bat minutu irauten du.
Bigarren fasea trantsiziokoa da. Lehenaren aldean luzea eta, batez ere, sakona da. Hirugarren eta laugarren faseak bigarrenaren antzekoak dira, eta ordubete inguru irauten du bakoitzak. Guztietan, estimulu gogorrak behar dira lotan dagoena esnatzeko.
Azken fasea, berriz, entzunena da, batez ere musika-talde batek izen hori aukeratu zuenetik taldearentzat. REM fasea da. REMek Rapid eye moviment esan nahi du, begien mugimendu azkarra alegia, fasearen ezaugarrietako bati aipamena eginez. Gainera, REM fasean egiten dira ametsak. Nahiz eta hurrengo goizean ametsik ez gogoratu, beti egiten dugu ametsetan lotan gaudela, eta hori argi ikusten da REM fasean dagoela norbait esnaraziz gero: ametsa bizi-bizirik izango du artean, ametsa eta egia bereizteko gai ez izateraino.
Bost fase hauek jarraian gertatzen dira, eta ziklikoki errepikatzen dira. Ziklo bakoitzak ordu eta erdi edo gehixeago irauten du. Beraz, gau bakoitzean lauzpabost ziklo izaten ditugu. Hala, lo zortzi ordu jarraian egin dugula iruditzen zaigun arren, beti esnatu gara tartean 6-8 aldiz. Hori bai, esnatze horiek oso laburrak dira, hogeita hamar segundo baino gutxiagokoak, eta sarri oharkabean pasatzen dira. Bestetik, zikloak ez dira berdinak gauean zehar: hasieran sakonago egiten da lo, eta bigarren erdian ohikoagoak dira REM faseak.
Iratzargailu adeitsua
Axon Sleep ikerketa-laborategiko gazteek ondo ezagutzen dituzte loaren faseak. Eta horietan oinarritutako iratzargailu bat asmatu dute. Iratzargailuak bi zati ditu: erlojua bera, eta lotiak buruan jarri beharreko xingola bat. Xingolak hainbat sentsore ditu, eta horien bidez jasotzen ditu garunak lotan gaudenean igortzen dituen uhinak. Horri esker, badaki loaren zein fasetan dagoen une bakoitzean.
Hortik aurrera, iratzargailuarena da ardura. Hark aukeratzen du noiz esnarazi lotia, eta, horretarako, aurrena jarri egin behar da esnatzea komeni den orduan jotzeko prest. Beste edozein iratzargailu bezalaxe. Alabaina, ez du ordu horretan joko, baizik eta loaldi arinean dagoela, ordu horretatik gertu. Hau da, zikloa aztertuta, iratzargailuaren programak aukeratzen du noiz esanarazi lotia, haren loa errespetatuz, baina jarritako ordua baino lehen izango dela bermatuz.
Zenbatean erosiko zenuke?
Axon Sleep-ekoak esnatzeko modu onena delakoan daude. Baina batek baino gehiagok dauka errezeloa ez ote duen goizegi joko. Edo, behintzat, ez ote zaion goizegi irudituko lotiari. Badirudi ikertzaileek berek ere zalantzak dituztela merkatuan izango duen harreraz. Izan ere, beren Interneteko gunean laguntza eskatzen dute salmentako prezioa aukeratzeko. Hiru aukera ematen dituzte: 149$, 199$ edo 249$. Bat aukeratu behar da, hori baino gehiago ez genukeela ordainduko adierazteko.
Zuk zenbat ordainduko zenuke? Asmatzaileek esandako guztia egia bada, iratzargailua ez da inoiz garestiegia izango. Izan ere, lo ondo egiteak eta egun ona izateak ez du preziorik. Eta, haien esanean, iratzargailu horrekin esnatuta, bestela baino adiago, bizkorrago, erneago eta zoriontsuago da bat. Ez dakit hainbesterainokoa izango den, baina ezin ukatu askori gertatu zaigula kontrakoa une desegokian esnarazi gaituztelako; beraz, agian ez zaie arrazoirik falta.
Bestelako aukerak
Hala eta guztiz ere, ez da esnatzeari garrantzia ematen dion iratzargailu bakarra. Lehendik ere asmatu dituzte era atseginean esnarazten saiatzen diren tresnak. Aspalditik daude irrati-iratzargailuak edo musika-CDa martxan jartzen dutenak. Beste batzuek argiarekin jokatzen dute: aurrena argi leuna pizten dute, pixkanaka, argiaren intentsitatea areagotzen dute, eta, azkenik, soinua sartzen dute, hasteko apal eta gero gogor. Nolanahi ere, Axon Sleepekoena da loaldiaren zikloak kontuan hartzen dituen lehena. Ikusiko dugu zenbateko arrakasta duen. Ni, behintzat, saiatuko naiz lo ondo egiten... eta are hobeto esnatzen.
7K-n argitaratua.