}

Irakurtzeko betaurrekoak erabiltzeko prest

1991/09/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

ReadySpex izenaz komertzializatu berri dira gure artean irakurtzeko betaurreko batzuk.
Presbizia 40 urtetik gorako pertsonengan bostetik lauri erasaten dion gaitza da.

ReadySpex izenaz komertzializatu berri dira gure artean irakurtzeko betaurreko batzuk. Oftalmologoaren agindurik edota optikoaren egokitzapenik ez dute behar. Horrelako lenteak asko erabiltzen dira Estatu Batuetan, eta leku askotan eskura daitezke (botika, supermerkatu, prentsa erosteko kiosko, etab.etan). Hemen botikak arduratuko dira, anteoju horien banaketaz.

Presbiziarako soilik dira egokiak. Presbizia 40 urtetik gorako pertsonengan bostetik lauri erasaten dion gaitza da hain zuzen, begitik hurbilen dauden objektuak zehatz ikustea eragozten duelarik.

Orain, bizkor eta eroso, eta oso modu onean (prezioaz, eredu batetik bestera 1.500-2.500 pta. bitartekoa da) erabiltzaileak une batean aukeratu ahal izango du bere kasurako lenterik egokiena, merkatuan dauden bederatzi potentzia edo mailako ereduen artean.

12 AHOLKU ZURE BEGIAK ZAINTZEKO

  1. Begietako infekzioak arreta handiz tratatu behar ditu oftalmologoak. Behaketa eta ardura berezia merezi dute korneako arazo infekzioso eta zikatrizialek.
  2. Ume bat buruko minez sarri kexatzen bada, errefrakzio-akatsak (astigmatismoa) edota ikusmen-moldaketaren alterazioak eduki behar dira kontutan.
  3. Begian erredura kimikoren bat gertatuz gero, saia zaitez lesionaturiko zona berehala garbitzen.
  4. Begietako gaixotasunei buruz espezialistak emandako aholkuak bete itzazu zehazki.
  5. Kortisonazko pomada eta kolirioak hartzeak medikoak bakarrik aginduko du derrigor; epe luzera ikusmenean kalte konponezinak sorteraz bait ditzakete.
  6. Umeak estrabismoa badu (begiak okertzen baditu, alegia) oftalmologo espezialista kontsultatu behar da, ebakuntza kirurgiko goiztiarra ebitatzea posible ote den jakiteko.
  7. Begiaren barrura gorputz arrotza sartuz gero, begiak ez igurtzi edo modu txarrean manipulatu. Horrekin urratuak edo lesioak sortzea besterik ez duzu lortuko, eta inola ere ez gorputz arrotza kanporatzea.
  8. Ume miopea urtero aztertu behar da, bere arazoaren progresioa gorputz garapena amaitzearekin batera egonkortu egin ohi dela kontutan edukiz.
  9. Ikusmen nekatuak (presbiziak) soluzio erraza dauka betaurreko egokiak erabiliz.
  10. Begitako zenbait arazok, ikusmen bikoitzak adibidez, azterketa neurologikoa eskatzen du berehalaxe.
  11. Ahal izanez gero begiaren gaineko erradiazio ionizatzaileak ebitatu; gaztaroan oso sentikorra bait da erradiazio horiekiko.
  12. Begiak aldika berrikustea oso komenigarria da, eta horixe gomendatzen dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia