}

Irakurketaren funtsezko garun-egiturak eta funtzioak argitu dituzte

2018/09/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

irakurketaren-funtsezko-garun-egiturak-eta-funtzio
Arg. Jabego publikoa

Neurozientzialariek lehendik ezagutzen zuten irakurketarekin lotutako eremu nagusia, informazioa sartzeko erabiltzen dena, baina ez zegoen garbi haren egitura eta funtzionamendua. Orain, eremu hori bi zatitan banatzen dela argitu dute BCBL kognizioa, garuna eta hizkuntzari buruzko ikerketa-zentroan. Haien ikerketaren arabera, atzealdeko zatiak ikusizko informazioa jasotzen du; eta aurrealdekoa informazio lexiko-semantikoaz arduratzen da.

Kepa Paz-Alonso BCBL zentroko ikertzailearen arabera, garun osoak hartzen du parte irakurketan, baina informazioaren sarbidearen gunea (kortex okzipito-tenporal bentrala) funtsezkoa da: “Hain zuzen eremu hori kaltetuta duten pertsonek alexia dute, ez dira irakurtzeko gai”.

Azken 15 urtetan eremu horri buruzko ikerketa ugari argitaratu diren arren, ez zegoen ikuspegi bateraturik. Orain ikusi dute zergatik.  “Gaur egun dauden neuroiruditeriako teknika aurreratuenak erabilita, ikusi dugu eremu hori bitan banatuta dagoela: bat pertzepzioarekin erlazionatuta, eta bestea, arlo lexiko-semantikoarekin. Hau da, funtzioak egitura anatomiko desberdinetan daude banatuta”, azaldu du Paz-Alonsok.

Garikoitz Lerma-Usabiagaren tesiaren gaia izan da ikerketa, eta PNAS aldizkarian argitaratu dute. Oinarrizko ikerketa izanik, irakurketaren arloan eragina izango duela aurreratu du Paz-Alonsok, esaterako, dislexian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia