Iradoki dute bero-boladen intentsitatea % 50 handitu dela karbono-igorle handien eraginez
2025/09/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2000tik 2023ra bitarteko bero-boladen laurdenak ia ezinezkoak izango lirateke klima-aldaketa antropogenikorik gabe, Nature aldizkarian argitaratutako lan batek iradoki duenez. Horrez gain, ondorioztatu dute karbono-igorle handiek eragin dutela gertaera horien intentsitatea % 50 handitzea.
Ikertzaileek berretsi dute giza jarduerak sortutako berotzeak ondorioak dituela muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasunean eta intentsitatean. Ikerketan, pauso bat gehiago eman dute, eta, batetik, argitu nahi izan dute zenbateko eragina duen klima-aldaketa antropogenikoak bero-boladetan, eta, bestetik, zein den karbono-igorle handien ekarpena.
Horretarako, 2000tik 2023ra bitarteko 213 bero-boladei buruzko nazioarteko datu-base bateko datuak erabiliz, eredu bat sortu dute ebaluatzeko zenbatekoa izan den giza jardueraren eragina, bero-bolada horietako bakoitzean. Hala, ikusi dute klima-aldaketarik gabe, bero-bolada horien laurdena ia ezinezkoa izango zela. Izan ere, klima-aldaketa antropogenikoak bero-boladak izateko arriskua eta haien intentsitatea areagotu ditu. Zehazki, kalkuluen arabera, eta 1850-1900 urteekin alderatuta, bero-boladak 20 aldiz probableagoak izan ziren 2000 eta 2009 urteen artean; eta 200 aldiz probableagoak 2010etik 2019ra. Halaber, intentsitateari erreparatuta, 2000-2009 artean 1,4 °C handitu zen tenperatura bero-boladetan; 2010-2019 artean 1,7 °C; eta 2020-2023 artean, berriz, 2,2 °C .
Bestalde, 180 karbono-igorle handienen datuak aztertuta (erregai fosilen eta zementoaren ekoizleak), ondorioztatu dute bero-boladen intentsitatearen % 50 haien isuriei zor zaiela. Horrez gain, 16-53 bero-bolada sortzen lagundu zutela kalkulatu dute. Gehitu dute industrializazioaren aurretik ezinezkoa izango litzatekeela giza jarduerak horretan inongo eraginik izatea. Aipatzekoa da igorle-handi horietako 33 konpainia AEBkoak direla, eta isurtzen den karbonoaren % 10 sortzen dutela. Beste 33 Txinan daude, eta isuritako karbonoaren % 12 sortzen dute.
Ikertzaileen esanean, haien azterlana baliagarria da klima-aldaketaren ondorioetan zegoen hutsune bat betetzeko. Gainera, uste dute landu duten metodologia egokitu daitekeela beste arrisku batzuetarako, eta ateratako ondorioak lagungarriak izan daitezkeela klimari buruzko politiketan.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia