}

Iñurriak antolakuntza perfektua

2004/04/11 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ikertzaile askok txundituta begiratzen diete inurriei: nola lortzen dute halako antolakuntza perfektua? Inurritegiko ehunka tuneletan atzera eta aurrera milaka eta milaka inurri ibiltzen dira, eta ez diote elkarri traba handirik egiten, antza. Gizakiak inbidiaz begiratzen die, antolakuntza horren sekretua non ote den aurkitu nahian.

Oecophylla smaragdina espezieko inurri australiarrak oso iaioak dira eraikuntzan.

Inurrien arteko komunikazioa ezinbestekoa da inurritegiak funtziona dezan; izan ere, banakoen arteko elkarrekintzek kolonia osoan eragiten dute. Janari bila irteten direnean, esate baterako; inurri-talde bat irteten da, baina sakabanatu egiten dira. Eta inurritegira lehena bueltatzen denaren bideari jarraitzen diote inurritegiko gainerako lagunek.

Inurritegira lehenena iritsi bada, janaria dagoen lekuraino biderik laburrena egin duen seinale da. Koloniari ibilbide horri berari jarraitzea komeni zaio, baina nola dakite gainerako inurriek nondik nora jo? Feromonak dira auziaren iltzea. Feromonak substantzia kimiko batzuk dira, inurriek bidea markatzeko jariatzen dituztenak; hala, gainerako inurriak feromonei jarraituz iristen dira janaria dagoen lekuraino.

Zenbat eta inurri gehiagok egin joan-etorria, orduan eta sendoago markatuta geratuko da ibilbidea; nolabait, errepide arrunt bat izatetik, inurriz jositako autobide izatera pasatzen da. Halako trafikoaz, ez da harritzekoa izaten ilarak sortzea. Behin baino gehiagotan bidea oztopatuta geratzen da; hala eta guztiz ere, inurriek aurrera egiten dute, inurritegian etengabe behar baita jana.

Kaosa dirudien arren, ondo antolatutako kolonia da inurriena.

Zalantzarik gabe, halako ilarak konpontzeko sekretua ezagutzeko irrikatan da gizakia, auto-ilarei edo telefono-sarean gertatzen diren kolapsoei irtenbidea aurkitzen lagun dezakeelakoan. Dirudienez, aurrera egitea ezinezkoa zaienean, inurriek bultza egiten diote elkarri; hala, inurrietako batzuk oztopatutako bidetik irteten dira eta feromonaz markatutako beste ibilbide batzuetan sartzen dira.

Inurriei zelatan

Inurrien jokaera aztertzen duten ikertzaile asko dago. Horietako batzuk Frantziako Tolosan daude. Ikertzaile-talde horrek trafikoa gehiegizkoa denean inurriek nola erantzuten duten ikertu dute. Egin dituzten esperimentuen artean bada bat inurrien jokabidea azaltzeko balio duena.

Esperimentu horretan lorategiko inurri beltzak ( Lasius niger ) erabili zituzten. Uharte antzeko batean azukrea jarri zuten, eta uhartetik inurriak zeuden lekura bi zubi jarri zituzten; bi zubiek luzera bera zuten eta 10 milimetro zabal ziren biak hala biak. Baina, hala ere, zubietako bat aukeratu zuten inurri gehienek, bai joateko eta baita etortzeko ere. Horrek erakutsi zuen inurriek aitzindarien arrastoari jarraitzeko joera daukatela, eta bide bat sendo markatuta badago, nekez hartzen dutela inurri gutxiagok markatutako beste bat.

Esperimentua ez zen horretan geratu, ordea. Zubi horien ordez estuagoak jarri zituzten gero, , sei milimetro zabalekoak. Eta orduan bai, inurriek bi zubiak erabili zituzten; izan ere, hain estuak izanik, zubi bakarra erabiltzen hasi ziren, baina inurri-trafikoa handiegia zen. Joan-etorria arintzeko elkarri bultza egiten zioten inurriek, eta, pixkanaka, geroz eta inurri gehiagok erabili zuten beste zubia.

Inurritegiak etengabe hornitu behar dira elikagaiekin.

Laborategian zein lorategi batean inurriei begira jarrita, badirudi ez direla inoiz gelditzen, eta hori dela trafiko-arazorik ez izateko bilatu duten konponbidea. Dena dela, ezin da esan inurri-espezie guztiek berdin jokatzen dutenik; izan ere, munduan hamaika mila espezie ezagutzen dira, eta horietako bakoitzak bere bereizgarriak ditu. Batzuk oso oldarkorrak dira; esaterako, Hego Amerikan inurritegi desberdinetako inurriek hil arteko borrokak izaten dituzte nahiz eta espezie berekoak izan; Europako inurriek, aldiz, espezie desberdinetako inurriekin lan egin dezakete, eta ez dute elkar erasotzen, alderantziz, inurritegi bera bana dezakete.

Inurriak animalia harrigarriak dira, eta haien jokabidea bitxikeria gisa ikertzen dela pentsa daiteke, baina uste baino aplikazio gehiago atera daitezke ikerketa horietatik. Besteak beste, ordenagailuetan bide motzena bilatzeko arazoa konpontzen lagun dezakete. Funtsean, inurrien jokabide asko ordenagailuetako hizkuntzara itzultzeko modukoak dira, eta, horretarako, metodo estatistikoak erabiltzen dira. Hau da, inurrien munduan feromonen kontzentrazioa dena estatistiketako emaitza eran adierazten da eredu informatikoan.

Dena dela, ez da inurri-trafikoa bakarrik ikertzen euskarri informatikoetako datuak kudeatzeko. Zenbait inurri-espeziek erabiltzen duten ordenatze-sistema ere eredugarri zaie. Leptothorax unifasciatus inurriek, esate baterako, koloniaren arrautzak eta mikrolarbak oso ordenatuta eta trinko metatuta gordetzen dituzte inurritegiaren erdian.

Crematogaster sp. inurri hauek erraz aurkitu dute ezti-erreka.

Halako inurri-koloniak eredu izan daitezke robot txikien multzo handiak antolatzeko eta kontrolatzeko. Inurrien garraio kooperatiboa bereziki interesgarria da kasu horietan; izan ere, banako batek zerbait eraman ezin duenean kideen laguntza jaso dezake, guztien artean egiteko garraioa.

Azken finean, inurria intsektu ñimiño bat baino gehiago da. Inurritegia osatzen dutenean, inurri pilo baten batura baino gehiago da; egitura ordenatua eta ondo antolatua osatzen dute. Antolakuntza hori banakoaren senak eta kolektiboaren inteligentziak sortua da. Ikertzaileek badute oraindik non ikasi.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia