Frogatu dutenez, espezie jakin bateko inurri heldugabe gaixoek seinale kimiko bat igortzen dute, beste kideek suntsiaraz ditzaten. Horrela, infekzioa zabaltzea eragozten da, eta kolonia osoa babestea lortzen da. Lasius neglectus espezieko inurrietan ikertu dute mekanismo hori, inurriak Metarhizium brunneum onddo patogenoarekin kutsatuta.
Lehendik ere, jakina zen gaixorik dauden inurri helduek koloniatik alde egiten dutela gaixotasuna ez dadin hedatu. Pupa fasean dauden inurri heldugabeek, ordea, ezin dute hori egin, kusku batean sartuta baitaude. Aurretik egindako ikerketetan ikusi izan dute inurri langileek pupa gaixoak identifikatzen eta suntsitzen dituztela, baina ikertzaileek ez zekiten pupek aktiboki parte hartzen ote zuten.
«inurri-koloniek superorganismo baten gisa funtzionatzen dutela ikusi dute»
Orain, frogatu dute infektatuta dauden pupek usaina aldatzen dieten seinale kimiko bat askatzen dutela, eta horrek inurri helduak haiek suntsiera bultzatzen dituela. Pupa osasuntsu bati seinale kimikoa ezarriz gero, langile helduek pupa suntsitzen zutela ikusi zuten; seinale kimikoaren funtzioa berretsi zuten hala.
Ikertzaileen esanean, mekanismo hori altruismo-mota bat da, eta erakusten du inurri-koloniek superorganismo baten gisa funtzionatzen dutela.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







