Interneteko labirintoan gero eta jende gutxiago galtzen da.
2001/09/16 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Internet informazioaren munduan iraultza eragingo zuen tresna gisara saldu izan da. Informazio asko eta denetarikoa dago, baina, dirudienez, informazio hori erakargarri baino labirinto bihurtu da. Gehiegizko informazioan galtzea oso erraza da eta batzuetan aspergarri edo desesperagarri ere gerta daiteke orduak eta orduak informazio bila ibiltzea.
Ondorioz, gero eta web orri gehiago egon arren, ikerketa berri baten arabera, Internetzaleak orrialdeetan galduta ibiltzeaz aspertu dira. Jendeak bere ideien araberako orrialdeak edo interesak aseko dizkionak ezagutzen ditu eta ez da, hasieran bezala, berrien bila denbora galtzen ibiltzen. Erabiltzaileak gune gogokoenen zerrenda osatzen du, eta kito! Gainera, zerrenda hori ere gero eta murritzagoa ei da. Media Metriz trafiko zibernetikoa neurtzen duen enpresaren datuen arabera, iaz, internauta estatubatuarrek, batez beste, gogoko 20 orrialde zituzten. Urtebetean, orrialde gogokoen zerrenda erdira beheititu da. Gainera, dirudienez, komunikabide ofizialek sarera egokitzeko lastertasun handia erakutsi dute eta jendea berenganatzeko ez dute batere arazorik. Komunikabide txikientzat alternatiba gisa ikusten zena zapuztuta gelditu da. Horrela, nahiz eta Interneten gero eta denbora gehiago pasa, jendeak ez du gauza berriak topatzeko epe luzeko jakin-minik erakutsi.
Bestalde, gizarte irekiago bat sortzeko tresna paregabea izan behar zuena egunerokotasunak bereganatu du eta eguneroko gauzetarako erabiltzen da gehienbat. Adibidez, tren ordutegia ezagutzeko, disko bat erosteko, emanaldi baterako sarrerak erosteko...
Bilatzaileak kaltetuta
Aldaketa horiekin guztiekin, noski, bilatzaileak kaltetu dira batez ere. Beren erabilera ikaragarri murriztu da eta, gainera, San Frantziskoko kongresu batean bilatzaileen fidagarritasuna zalantzan jartzen duen notizia plazaratu da. Nonbait, bilatzaileek agertzen dituzten zerrendetako postuak erosi egiten dira. Zergatia? Normala den bezala, interesatua ez dela bilaketa horrekin lotura duten ehunka orrialdeetan sartzen. Normalena lehen hogei bat orrialdeetan sartzea da, eta gainerakoak hor konpon!
Denbora gutxi behar izan da bilatzailearen lehen postuetan egotearen garrantziaz jabetzeko. Eta, noski, bilatzaileek aukera hori baliatu nahi izan dute ohiko propaganda—bideekin ateratzen dutenaz gain diru pixka bat gehiago poltsikoratzeko.
Bilatzaile batzuek, GoTo bilatzaileak adibidez, argi eta garbi esaten dute web gune bakoitzak zenbat ordaindu duen zerrendako goi-postuetan egoteko. Lycos eta Google bilatzaileek, berriz, listetan banatzen dituzte orrialdeak, eta babestutako orrialdeen zerrendak edo lehentasunezko orrialdeen zerrendak sortzen dituzte. Beste bilatzaile batzuetan, oraindik ez da batere argi azaltzen bilaketan lehen postuetan agertzen diren orrialdeak interes handiko orrialdeak direlako edo ordaindu egin dutelako ote dauden postu horietan.
Hala ere, Danny Sullivan, kongresuaren antolatzailearen hitzetan, "bilatzen diharduen pertsona ordaindutako orrialdeak eta ordaindu gabeko zerrendak bereizteko gai ez den bitartean ez da alarma jotzeko garaia heldu". Hala ere, "polita izango litzake bilatzaileek ikur batekin ordaindutakoa eta ordaindu gabekoa bereiziko balituzkete". Kontsumitzaileen elkarteek ere ideia hori defenditzen dute.
Baina informatika ez da geldirik dagoen mundua, eta zerbait berria gertatu bezain laster agertzen da erantzuteko prest dagoen jendea ere. Kasu horretan, bilatzaileen zerrendetan eskua sartzeko gai den aditu asko agertu da. Izan ere, zerrendak osatu eta intereseko lekuak identifikatzeko, eduki jakin batzuk, esaldi erakargarriak edo gako-hitzak hartzen dira aintzat. Baina orrialdeen diseinugileek trikimailu guztiak ezagutzen dituzte eta "artifizialki" beren orrialdea lehen postuetan jartzeko gai izaten dira.
Ondorioz, zerrendak erabat kontrolatzea ez da batere erraza eta Google, FAST, AltaVista eta gainerako bilatzaileak gero eta kontrol zorrotzagoak egin nahian dabiltza. Gainera, bilatzaileak aspaldi ohartu ziren trikimailu horretaz eta zerrendaren lehen postuetan beren merezimenduengatik ez dauden orrialdeak zapuzten saiatzen dira.
Googlek, adibidez, behin eta berriz egin du mehatxu esanez artifizialki lehen postuetan egon nahi izan duten orrialdeak bere zerrendatik aterako dituela. Bilatzaileek beren lana behar bezala egin eta berriz ere konfiantza berreskuratzeko biderik egokiena web gune erakargarri eta interesgarriak egitea litzatekeela dio Shari Thurow diseinugileak.
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia