}

Interneteko izendegian hitzarmena lortu da

2001/05/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako gobernuak Kaliforniako Verisign elkarteari eman dio . com web domeinua kontrolatzeko baimena, . org domeinua uzteko baldintzarekin. Interneteko helbideen ia % 75 dira . com -en amaitzen direnak.

Hitzarmen horren bidez, gobernuak lehia gehiago egon dadin ziurtatu nahi du. Helbidearen amaierak Interneten nabigatzeko erari eragiten ez dioen arren, domeinu-izenen prezioei eragiten die. Gainera, domeinu-izenak web guneak aurkitzeko eta posta elektronikoa erabiltzeko kakoa dira.

1992tik, Verising-ek, eta lehen bere aurrekariak (Network Solutiones), izendegien datu-baseak kontrolatzen zituen. . com , . net eta . org atzizkiak bere menpe zituenez, merkatuaren % 50 bereganatzen zuen.

Interneteko Esleitutako Izenen eta Zenbakien Elkartearen (Icann) eta Verising-en arteko hitzarmenak azken honi . com domeinua kontrolatzeko baimena ematen dio 2007. urtera arte. Ematen den izen bakoitzeko 6 dolar irabazten ditu eta, urte horren ondoren, hitzarmena berritzeko aukera du. Aldiz, . org atzizkiaren kontrola irabazi-asmorik gabeko elkarte bati eman behar izan dio, 5 milioi dolarrekin batera.

Bestalde, . net domeinuagatik eskaintza egiteko aukera 2005. urteko ekainean zabalduko da, hau da, uste zena baino 6 hilabete lehenago.

Horrela, arau zorrotzagoak ezarri dira domeinuen inguruan eta Verising-ek urtero kontuak ikuskatzea jasan beharko du. Hala ere, bada Icann-en aurkako iritzirik, domeinu nagusia elkarte handi baten eskutan uzteagatik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia