}

Intentsitate handiko LED argitsuak

2012/05/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

intentsitate-handiko-led-argitsuak
Arg. Scurzuzu

LEDek argi-iturrien mundua aldatu dute, baina ez dira perfektuak. Arazo nagusietako bat da distira galtzen dutela ematen zaien korronte elektrikoaren intentsitatea handitu ahala. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batzuek soluzio bat proposatu dute.

Gakoa LEDen egituran dago: erdieroale baten geruza bat da metalezko bi elektrodoren artean. Elektrodoei korronte elektrikoa aplikatuta, elektroiak konbinatzen dira karga positibodun guneekin geruza erdieroalean, eta konbinazio horrek argia igortzen du. Baina konbinazioaz gain, alboko korronte elektriko bat sortzen da geruza erdieroalean. Eta korronte hori handiagoa egiten da elektrodoen arteko intentsitate elektrikoa handitu ahala. Ondorioz, intentsitate batetik aurrera, LEDak argitasuna galtzen du. Izan ere, oso ondo funtzionatzen du mugikorretako pantailak argitzeko, baina ez da erabilgarria lanpara indartsu bat egiteko —horregatik, lanpara handiek LED txiki asko konbinatu behar izaten dituzte—.

Arazoa konpontzeko, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek geruza erdieroalearen albo-korrontea manipulatu dute LED urdinetan. Geruzaren materiala, galio nitruroa, orientazio jakin batean kristalizatu dute LEDaren fabrikazioan, eta, hala, lortu dute albo-korrontea ‘bideratzea’ eta sortzen den eremu elektrikoa txikia izatea. Ondorioz, korrontearen zati handiena argia sortzera bideratu dute. Zenbakiak adierazgarriak dira: intentsitatea hamar aldiz handituta, ohiko LEDek % 60ko galera dute eraginkortasunean, eta Kaliforniako ikertzaileen LEDek, berriz, % 14koa bakarrik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia